J.S.
DONOSTIA

Telefono bidezko arreta, ezinbestekoa

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei informazioa eta arreta emateko telefono zerbitzuak (Satevi) jasotako deiak %10,6 gehitu ziren 2024an, guztira 3.741 izateraino

Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen 900 840 111 telefono bidezko arreta zerbitzua urtean 24 orduz eta 365 egunez martxan dago eta emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek ematen dute.

Iaz 3.741 dei jaso zituen guztira, aurreko urtean baino 761 gehiago (%10,6); zerbitzua martxan dagoenetik zifra handienak, hain zuzen. Eskatzaile kopuruari erreparatuta, zerbitzuarekin harremanetan jarri diren pertsonei dagokienez, igoera txiki bat ikusten bada ere, (%1,9 gehiago), arreta-emate kopurua da gorakada handiena izan duena.

Honek indarkeriatik ateratzeko prozesuan laguntzeko zerbitzu gisa gero eta sendoago dagoela erakusten du, Nerea Melgosa sailburuaren ustetan. «Zerbitzu horrek hogei urte beteko ditu datorren urtean eta tresna hurbila, segurua eta konfiantzazkoa da emakumeei honako hau esaten laguntzeko: amaitu da», adierazi du.

JASANDAKO INDARKERIA MOTA

Bikotekide ohi edo bikotekidearen indarkeria jasandako emakumeak dira arreta eskatzen duten emakumeen gehiengoa (%87,7). Halere, sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima diren emakumeen kopurua gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Sateviko zerbitzuaren testuinguruan eta egunn %6koa da.

Dei mota horrek gora egin du 2018tik. Urte horretan 83 izan ziren sexu-askatasunaren aurkako delituei zegozkien arreta-emateak, eta, oraingo ekitaldian, 225. Azpimarratu behar da 2024ko arreta-emate guztietatik %31,6tan sexu-tratu txarren bat hitzez adierazi zutela; hau da, hamarretik hirutan. Kasuen %4,1ean familia barruko genero indarkeria zen, bikotekideak edo bikotekide ohiak alde batera utzita.

EGINDAKO ESKU-HARTZEAK

Arreta-emate gehienetan agertzen den esku-hartze mota akonpainamendua da (%91,45) eta haren atzetik datoz erantzun emozionala (%76,88), informazioa (%64,98) eta orientazioa (%63,33), eta une honetan %6koa da.

Arreta-emate guztietan eskariaren arrazoi bat baino gehiago dago; azken urtean, informazio-eskaerak zerikusi zuzena izan du tratu txarrekin. Baliabide jakin bati buruzko informazioa eskatu ohi dute, tratu txarren ondoriozko egoerei buruzko zalantza zehatzak, esku-hartze handiagorik behar ez dutenak...

Orientazioari dagokionez, indarkeria jasaten duten emakumeek beren egoerari buruz hitz egiteko, segurtasun espazioa topatzeko eta laguntza emozionala bilatzeko arreta eskatzen dute.

EMAKUMEEI BURUZKO DATUAK

2024an artatutako 1.513 emakumeetatik 787ren adina ezagutzen da. Datuek adierazten dutenez, indarkeria matxistak ez du bereizketarik egiten adinaren arabera, emakume guztiei eragiten baitie. Ehuneko handienak (%27,32) 41 eta 50 urte bitartean ditu, eta, ondoren, 31 eta 40 urte bitartean (%23,25). 51 eta 60 urte bitarteko emakumeek arreten %16,10 hartzen dute; ondoren, 18 eta 30 urte bitarteko emakumeek (%21,47) eta, ondoren, 60 urtetik gorakoak leudeke (%10,55).

Bestalde, indarkeria matxista egoeran artatutako emakume guztietatik %50,23k bere ardurapean pertsonak zituen, kasu guztietan adingabeak, eta datu horrek gora egin du 2023ko ekitaldiaren aldean (%45,85).

Lurraldeka, 2024an jasotako deien %61,05 Bizkaikoak izan ziren, %20,93 Gipuzkoakoak eta %16,71 Arabakoak. Era berean, biztanle gehien dituzten herriak dira arreta gehien jasotzen dutenak: Bilbo, Gasteiz, Basauri eta Barakaldo. Donostia bosgarren postuan geratu da.