Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
EXPEDIENTE VALLECAS

Izua, manipulazioa eta 30 urteko trauma

Expediente Vallecas” dokumentalak Estatu espainoleko poltergeist kasurik mediatikoena aztertzen du. 90eko hamarkadan, hamazazpi urteko neska baten heriotzaren ondoren, fenomeno paranormaltzat hartu zenak amesgaizto bihurtu eta Gutierrez Lazaro familia lur jota utzi zuen. Hogeita hamar urte geroago, familiak gertatutakoa gogoratu eta bizi izan zuten izua, manipulazioa eta trauma azaleratuko ditu.

Telesailak elkarrizketak, artxiboko irudiak, dramatizazioak eta argitaratu gabeko testigantzak uztartzen ditu, ikuslearen aurrean puzzle konplexu bat osatzeraino. Ez du fenomenoa bakarrik ikertzen: kasua ikuspegi askotatik argitzen saiatzen da.

Hiru ataletan banatuta dago: “Miedo”, “Vértigo” eta “Trauma”. Pasarte bakoitzean kasuaren geruzak pixkanaka askatzen dira; suspensearen erabilera zehatza eta neurtua da, ez da gehiegikerietan erortzen.

Telesailak bikain islatzen du 90eko hamarkadako Madrilgo giro soziala: langile auzoetako eguneroko borroka, gazteen kulturan okultismoak zuen arrastoa eta misterio programen goraldia: “Esta noche cruzamos el Mississippi”, Iker Jimenezen lehen agerpenak... garaiaren paisaia mediatikoa zehaztasunez marraztuz.

Lanak ikuspegi soil eta ia analitikoa hartzen du oinarri, gertakarietan eta haien ondorio humanoetan sakontzeko, betiere kasua inguratzen zuen morboa saihestuta. Fokua familiaren egitura emozionalean eta haren arrakaletan jartzen da.

Misterioaren gainetik, telesailak giza istorio sakon baten geruzak erakusten ditu. Paranormalaren presentziak, kasua azaldu ala ez, traumaren katalizatzaile gisa funtzionatzen du, eta era berean bizi izandako sufrimenduaren metafora indartsu bilakatzen da.