Elkarrek izan duen «etika falta» salatu dute Hertzainak taldeko hiru kidek
Josu Zabalak, Kike Saez de Villaverdek eta Luis Javier Sainz «Txanpi»-k sinatutako oharrean, Hertzainak taldearen katalogoa «irabaziak partekatu gabe» ustiatu duela leporatu diote Elkarri. Bi aldeek asteartean izan zuten epaiketa Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian.

«Kaixo lagunak, gu gara Hertzainak». Halaxe abiatzen da Josu Zabalak, Kike Saez de Villaverdek eta Luis Javier Sainz ‘‘Txanpi’’-k atzo zabaldu zuten oharra, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian Elkarren aurka epaiketa izan eta biharamunean.
Izan ere, Hertzainak taldeko hiru kideok salaketa jarri zuten diskoetxearen aurka, honek taldearen katalogoaren gainean egindako ustiapenagatik. Beraien hitzetan, «lortutako irabaziak partekatu gabe, baita kontraturik gabe eta baimenik gabe egindako ustiapen digitalean ere» oinarritzen da salaketa judiziala, «aldez aurretik horren berri eman gabe eta diru-sarrera horiek ere» ordaindu gabe egitea leporatzen baitiote Elkarri.
«Zoritxarrez, bide judizialera jo behar izan dugu gure diskoen salmentei buruzko informazio apur bat lortzeko -jarraitzen du hirukoak zabaldutako ohar laburrean-, 1992. urteaz geroztik ez baitugu inolako ordainketarik jaso royaltyengatik».
Horretaz gain, asteartean izandako epaiketan Elkar diskoetxeak Hertzainak taldearen inguruan izan duen «etika falta aski egiaztatuta» geratu dela aditzera ematen dute hiru taldekideek.
«Guk ahal izan duguna egin dugu gure eskubideak berreskuratzeko, eta orain, epaiaren zain, konfiantza dugu justizian», aipatzen dute oharraren amaieran.
Elkar argitaletxeak ez du oraino auziaren inguruko adierazpenik egin. Bestalde, Iñaki Garitaonandia “Gari”-k, taldeko kide ezagunak, ez du salaketan parte hartu.
IBILBIDE OPAROA
Hertzainak 1981ean sortu zen Araban eta bere hastapenetik Euskal Herriko egoera soziopolitikoa islatzen zuten abestiak kaleratu zituen, hasieran punkaren probokazioa zerienak, eta gerora ska eta reggae erritmoekin ere jostatzen zirenak. Beren diskografian gaurdaino iritsi diren kantu ezagunak utzi dituzte; esate baterako, “Pakean utzi arte”, ‘‘Si vis pacem, parabellum”, “Ta ezer ez da berdin”, “Drogak AEKn” eta “Aitormena”.
1984an argitaratu zuten aurreneko diskoa, “Hertzainak” izenpean eta Soñua diskoetxearen babesean, eta, izandako arrakasta itzela barneratzeko astirik gabe, estudiora sartu ziren berriro 1985eko udan, ‘‘Hau dena aldatu nahi nuke’’ (Soñua) grabatzera.
Hirugarren diskoarekin etorri zen diskoetxe aldaketa; Elkar estudioetan grabatu zuten “Salda badago”, 1988. urtean, euren doinuak rockera guztiz bideratuz. Horren ondorengo diskoak grabatzeko diskoetxe ezberdinekin lan egin zuten; tartean, Soñua, Elkar eta Oihukarekin.
Taldea desegiteko erabakia 1992an hartu zuten, “Denboraren orratzak” diskoa grabatu baino lehenago, eta agur esateko Euskal Herrian zehar kontzertu bira bat ere antolatu zuten, Iruñean, Gasteizen, Donibane Garazin, Bilbon eta Donostian. 1993ko urtarrilean eman zuten azken kontzertua, Donostian.
Ia hogeita hamar urte geroago, “Azkena gure alde” bira egin zuen taldeak 2022ko abenduan eta azken agurra urtarrilaren 6an egin zuen Gasteizko Mendizabalan.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
