Hizkuntza gutxituen aktibistak, euskararen biziberritzea ezagutzen
Mundu zabaleko hainbat komunitatetako hogei ordezkari Euskal Herrian barna ibili dira irail eta urrian, Garabide elkartearen eskutik. Sei asteko egonaldian, euskararen berreskurapenean egindako ibilbidea ezagutu eta euskal erakunde, hedabide eta gizarte zibilaren lanaren berri izan dute.

Garabide elkartearen Aditu programaren baitan kokatzen da egonaldia. Egitasmo horrek euskarak azken hamarkadetan bizi izandako susperraldia eredu hartu, inspirazio iturri bilakatu eta parte hartzaileei aukera ematen die hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, euskara da historian zehar biziberritzea lortu duten hizkuntza bakarrenetakoa eta hori, azken 50-60 urteetan euskal gizarte osoak egindako ahaleginaren emaitza da.
Hizkuntza gutxituak dituzten komunitate ezberdinetako hogei bat lagunek hartu dute parte aurtengo ekimenean, eta Hego eta Erdialdeko Amerikako komunitate indigenen presentzia handia izan da: esaterako, Boliviako ketxua, Ekuadorreko kitxua, Txileko mapuzugun eta Paraguai eta Argentinako guaraniaren ordezkariak. Afrikarrak ere izan dira, besteak beste, Ekuatore Gineako bubia eta Marokoko amazigh hizkuntzako ordezkariak, baita Australiako anindilyakwa hizkuntzaren ekintzaileak ere.
Guztira, sei asteko bisita izan zuten Euskal Herrian, eta aldi horretan Aretxabaleta izan zuten erdigune eta egoitza nagusi. Handik abiatuta, Euskal Herri luze-zabalean mugitu ziren, bai gizarte zibiletik sortutako, bai administraziotik bultzatutako esperientzia interesgarri eta berritzaileak ezagutzeko helburu garbiarekin. Hala, euskal erakundeak, hedabideak eta instituzioak bisitatu zituzten, euskararen aldeko lanaren arlo ezberdinak nola kudeatzen diren ikusteko.
Bizkaian, esaterako, Urretxindorra ikastola, Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea eta bertan kokatutako Interpretazio Zentroa bisitatu zituzten, euskararen historia eta bilakaeraren testigantzak jasoz. Gasteizen, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-Politikarako sailburuordetzak harrera egin zien parte-hartzaileei eta Izaskun Arrue Kulturgunean praktikei buruz aritu ziren.
IKASTOLEN MUGIMENDUA
Nafarroan, Sakanako mankomunitatea eta eskualde horretako eta Pirinioetako euskara zerbitzuen funtzionamenduaz ikasi zuten. Tafallako Garces de los Fayos ikastolan ere izan ziren, ikastolen mugimenduak eremu linguistiko zailenetan egiten duen lana gertutik ezagutu eta aztertuz. Horrekin batera, Errigora esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten, elikadura-subiranotasunaren eta hizkuntzaren arteko lotura ikasteko.
Gipuzkoan, Ataunera egin zuten bisitaldia, Barandiaran Museoa bisitatzera, eta Tolosan, Galtzaundi Euskaltzaleen Elkartea ezagutzera. Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, Euskalgintzaren Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra eta Berria egunkariaren esperientziak ezagutuz zituzten.
Beste hainbat irteera, ekintza eta tailer ere egiteko parada izan zuten aktibistek; hala nola, Baionako Zizpa gaztetxean Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren egoera soziolinguistikoaren berri izan zuten edota Sara eta Zugarramurdi artean dagoen Eskutik Lantegian pilotak, xisterak, eskularruak eta xareak nola egiten dituzten erakutsi zieten.
Ekimen horietan guztietan euskal gizartearen mobilizazio ahalmena, komunitatearen indarra eta hizkuntzarekiko atxikimendua zuzenean sentitu ahal izan zuten. Tokiko hedabideen alorrean, Sakanako Guaixe, Arrasateko Goiena.eus edota Ipar Euskal Herriko Kanaldude ezagutu zituzten; azken euskarazko komunikabide horrek erakutsi zien komunikazioak hizkuntza baten normalizazioan izan dezakeen funtsezko papera.
BIZIPEN TRUKEA
Ibilbide praktiko horiez gain, funtsezkoa izan zen formazio akademikoa. Parte hartzaileek ia 100 klase-ordu jaso zituzten euskalgintzako aditu eta arituen eskutik, hizkuntza berreskurapeneko estrategiak ikasi eta euren komunitateetara egokitzeko.
Eñaut Agirre Garabideko koordinatzaileak azpimarratu zuenez, euskal gizarteari ere kanpoko esperientziak ezagutzeko aukera eman nahi izan diote. Horregatik, sentsibilizazio saio bereziak prestatu zituzten Aretxabaletako herritarrek eta Aditu programako partaideek elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
