Hizkuntza larrialdia gainditzeko eta euskaltzaletasuna pizteko deia
Euskalgintzaren Kontseiluak eta dozenaka euskal eragilek dei egin dute datorren abenduaren 27an Bilbao Arena pabiloia euskararen eta euskaltzaletasunaren aldeko bilgune erraldoi bihurtzeko, euskara larrialdi linguistikoan dagoen unean indarrak batu eta atzeraldiari aurre egiteko. Ekitaldian aldarrikapena eta kultura uztartuko dituzte.

Ekitaldia aurkezteko agerraldi bateratuan, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak ohartarazi zuen euskarak azken hamarkadetan izandako suspertze aroa amaitu egin dela, haren «desofizializazio prozesua» abian dela eta hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoela. Hori dela eta, “Batuz Aldatu” dinamikaren Itun Soziopolitikoa babestuz, euskararen etorkizuna bermatzeko konpromiso berria hartu nahi dute ekitaldi kultural masibo horren bidez.
Bilboko Kafe Antzokian urrian egindako agerraldian Euskalgintzaren Kontseiluak argi utzi zuen euskararen egoeraren larritasuna kezkatzeko modukoa dela eta urtebete baino gehiago igaro dela euskara egoera zail horretan dagoela ondorioztatu zenetik. Ez hori bakarrik, Kontseiluaren arabera larrialdiaren egoera okertu egin da gaurdaino.
Kontseiluko idazkari nagusiak gaineratui zuenez, egungo egoerak «euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri ematen du, egiturazko arazo baten ondorioz».
Eskisabelek, era berean, gogor salatu zuen azken boladan euskararen aurka izaten ari den oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa. Izan ere, haren hitzetan, «hizkuntzen koofizialtasuna zalantzan jartzen eta hori bermatzeko hartu beharreko neurriak eraisten ari dira». Gauzak horrela, Kontseiluko ordezkarien aburuz, une honetan «desofizializazio prozesu» bete-betean gaude.
ITXAROPEN MEZUA
Egoera larria eta kezkagarria izanda ere, Kontseiluak itxaropen mezu bat ere helarazi nahi izan zien herritarrei, larrialdi linguistikoa indarraldi bihurtzeko konpromisoa hartuz. Horren oinarrian eta “Batuz Aldatu” dinamikaren baitan 110 euskal eragile sozialek baino gehiagok proposatutako Euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berria dago, zeinaren helburua den adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna eta bermea emango dion hizkuntza politika baterako oinarriak jartzea.
Itun hori abian jarri eta zabaltzeko bide orriaren hurrengo urratsa, Kontseiluaren arabera, euskaltzaletasunaren giharra berreskuratu eta erakustea da, historian zehar berpizteak beti euskaltzaleen eskutik etorri baitira. «Euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean pizkundea, milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik».
Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak dei egin du abenduaren 27an Miribillako Bilbao Arena «euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzera». Ekitaldi hori lehen gune bihurtu nahi dute, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea helburu.
Bertara joan nahi duenak sarrera eskuratu beharko du, aretoak hala eskatzen duelako, www.pizkundea.eus webgunean eta 10 euroko ekarpena eginez.
EUSKARAREN SOINU-BANDA
Ekitaldia kultur kutsukoa izango da, eta antolatzaileek aurreratu dute musikak eta oro har, kulturak presentzia nabarmena izango dutela, euskarak etorkizuna izan dezan behar duen unibertsoa kultura delako.
Horrela, hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriko dituzte beladunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik, «euskararen soinu-banda» eratuz: Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia “Benizze”, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena “Flako Fonki”, Maia Iribarne eta Miren Narbaiza.
Gainera, azken urteetan euskarazko zineman nabarmendu diren hainbat aktorek ere parte hartuko dute, besteak beste, Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre aktoreek. Era berean, oholtzara igoko dira Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillan antzerkigilearen esku izan da.
Horrez gain, hainbat eta hainbat izan dira Bilbon egingo den aldarrikapen ekitaldiarekin bat egin duten erakunde, kolektibo eta norbanakoak, bai Euskal Herrikoak, baita kanpokoak ere. Hala, Europako Hizkuntza Berdintasunaren Sareak (ELEN) ere Euskalgintzaren Kontseiluaren ekitaldiari atxikimendua eman dio eta ahal den neurrian Bilbon presentzia izango dutela ziurtatu dute. Erakunde horren arabera, ezinbestekoa da euskararentzat aro berri bat irekitzea eta indar kolektiboa birsortzeko bidea urratzea.
Euskararen errepublika aldarrikatuko du Durangon deitutako mobilizazioak
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduak mobilizazio nazionala antolatu du abenduaren 6an, Durangon, hizkuntzaren subiranotasun politikoa aldarrikatzeko. “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean antolatu den manifestazioa eguerdiko 13.00etan abiatuko da Durangoko Landako Gunetik eta Euskal Herriko 30 eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso du.
Ekintzaren helburu nagusia da estatu egitura propio baten eza agerian uztea, hura baita euskararen garapen integrala eta bizikidetza normalizatua eragozten duen faktore nabarmenena.
Deialdia iragartzeko egindako agerraldian, antolatzaileek kezka handia adierazi zuten; izan ere, euren arabera, euskaldunen hizkuntza-eskubideak zalantzan jartzen dituzten jarrera eta indar atzerakoiak gehiegizko indarra hartzen ari dira. Haien hitzetan, «hainbat esparru publiko eta sozialean nabarmenak dira atzerapausoak azken urteotan». Hori dela eta, herritarrak egoeraren larritasunaz jabetu eta horri erantzun bat ematea ezinbestekotzat jotzen dute.
Halaber, deitzaileek diote euskara askapen sozialerako eta politikorako tresna dela, egungo sistemak ezarritako zapalkuntza forma guztiak gainditzeko baliagarria eta haiei aurre egiteko bide eraginkorra.
Izan ere, uste dute frantziar zein espainiar administrazioek baliabide oso mugatuak eskaintzen dituztela Euskal Herrian hizkuntzaren biziberritze integrala gauzatzeko. Horregatik, euren esanetan, «independentzia politikoa ezinbesteko baldintza da euskalduna izango den herri oso bat eraikitzeko bidean».
Deialdiak Euskal Herriko 30 eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso du. Agerraldi bateratu batean, «euskararen alde mobilizatzearen beharra» azpimarratu dute berriki eragile horietako hainbat ordezkarik.
Horrela, hizkuntza zapalkuntza gainditzeko indarrak bilduko dituzte Durangon: «Aurreko belaunaldiek erakutsi digute euskara putzu sakon eta ilunenetik atera daitekeela eta gu sinetsita gaude oraingoan ere aurrera egingo dugula; euskararen aldeko pizkunde berria harrotuko dugula». M.A.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
