«Bide bihurrietan», Martinez Rubioren gogoeten kutxa berria
Irakurlea hausnarketara akuilatzea du xede Elena Martinez Rubiok “Bide bihurrietan” saiakeran. Filosofia, historia, antropologia edota literatura gisako esparruak elkarri lotuz eta bibliografia zainduz, galderak proposatzen ditu erantzunen aurretik.

«Bidaia intelektual izugarria» proposatzen du Elena Martinez Rubiok “Bide bihurrietan. Galdera jauzilariak” saiakeran, Alberdania argitaletxeko Oier Etxebesteren hitzetan. Editorearen esanetan, filosofia, antropologia, historia edota literatura bezalako gogoeta esparrutan murgilduz irakurlea pentsaraztera bideratu nahi duen obra dakar Martinez Rubiok. «Ez du ondoriorik ematen, baizik eta galderak proposatzen ditu», gaineratu zuen.
2021ean argitaratu zuen “Egun gorrietan” (Alberdania) saiakeraren ideiari jarraikiz, testu independente sorta bat batzen du liburu berriak. Aurkezpenean liburua irekitzen eta ixten dituzten testuak izan zituen hizpide. Biek dute abiapuntutzat haurtzaroko gogoeta bat. «Txikitan gauza asko entzuten dituzu eta ez diezu jaramon handirik egiten, baina gero konturatzen zara ez zirela ezerezetik sortu eta ez direla gure etxeko zerbait», azaldu zuen. Oroitzapen horiek testuinguru soziopolitiko jakin batean kokatzeko erabili ditu Martinez Rubiok eta, hortik aurrera, gogoetari ireki dio bidea.
Horietako testu batean, Benito Perez Galdosek bere familiarekin izandako lotura ikertzen hasiko da eta “Ciudades viejas” testuak emango dio erantzuna: «Hor agertzen da nire birraitona; irakurri nuen nola egin zuten topo eta hasi nintzen ulertzen zergatik ziren etxe hartakoak horren ezkertiarrak».
Aurrez idatzita zituen testuak ere berreskuratu ditu, erakusketa baterako uraren gainean idazteko eskatu zioten bat tartean. Artikulu horretan ere haurtzaroko oroitzapenetan iltzatu da. Izan ere, bere aitona zena itsasoan itota hil zen, olatu batek harrapatuta: «Inguruan denak zeuden kezkatuta gorpua ezin zutelako berreskuratu, eta nik ez nion arrazoirik ikusten. Horren inguruan pentsatzen hasi nintzen, zer garrantzi duen jendearentzat ehorzteko erak; ez dela gauza bera urperatzea edo lurperatzea», gogoetatu zuen.
Artikulu bilduma honetako testuak independenteak badira ere, ikuspegi orokor bat badagoela uste du, munduari begiratzeko bere modua litzatekeena. Baina kasu guztietarako bibliografia eta datuen egiazkotasuna gakoak izan direla azaldu zuen, artikuluak «beti ondo oinarrituta» joan daitezela nahi izaten duelako. Eta, beti, jatorrizko argitalpenetara jotzen duela adierazi zuen: «Jatorrizkora jotzen dut eta hortik itzuli, fidagarriagoa iruditzen zaidalako. Dena egiaztatzen dut», ziurtatu zuen.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
