Bilboko Konpartsak, egun jendetsu bati aurre egiteko prest
Gastronomia, musika eta haurrentzako ekitaldiak izango dira nagusi Bilboko Konpartsek antolatutako egitarauan. Igandea izanik, San Nikolas inguruak jendez gainezka egotea espero dute.

Abenduaren 21a, San Tomas eguna, gabonetako oporren eta urte aldaketaren abiapuntu bilakatu da Bilboko Konpartsentzat. Egun horretan, gainera, urteko azokarik garrantzitsuena antolatzen da bertoko produktuez gozatzeko eta, beste urte batez, Bilboko Konpartsak bertan izango dira.
Aurreko urteetan bezala, egitarau zabala prestatu dute egun honetarako, kontuan hartuta gainera aurten igandea dela eta normalean baino jende gehiago irtengo dela kalera. Modu batera edo bestera, Konpartsen balioei eusten jarraituko dute: herritarren parte hartzea, pertsona guztiak giroan sartzea eta dibertsioa modu osasungarrian eta berdintzailean. Hau da, mendeetako tradizioari ukitu modernoa gehituz.
Egitaraua goizeko hamarretan abiatuko da egutegien eta otzararen zozketarako boletoen salmentarekin. Aurreko urteetan bezala, baserriko produktuez betetako otzara zozketatuko dute, ekintza honen helburu nagusia lehen sektorea sustatzea baita. Horregatik, ateratzen duten dirua lurrarekin harremana duen elkarte bati eskainiko diote.
Ordu berean, irratsaioa hasiko da Bilbo Hiriaren eskutik, eguneko protagonisten eta festara hurbildutako hiritarren iritziak zuzenean ezagutzeko.
Txosnaren irekiera 11.00etan izango da eta, ordubete geroago, gune gastronomikoaren irekiera. Bertan, sukaldariek prestatutako txerriki eta indabak banatuko dira. Giroa berotzen joateko, 12.30ean bertsolarien txanda izango da. Aurten, Maite Sarasola, Enare Muniategi eta Ander Anakabe arituko dira bertsotan.
Aurreko urteetan bezala, haurren programazioa Plaza Barrian gauzatuko da, Areatzan biltzen den jende oldea ekidin eta umeek eurentzat leku lasai bat izan dezaten. Hala ere, eta aurten jende gehiago espero denez, txikientzako tailerrak indartu egin dira, hainbat jarduerarekin: kareta pintaketak, babarrun ereitea, eskulangintza tailerra Goloka Antzerki taldearekin eta Kalaka jokoak.
Arratsalderako ere jai giroko ekintza ugari prestatu dituzte. 15.00etan izango den otzararen zozketaren ondoren, dantza plaza hasiko da Kittu taldearekin eta 19.30ean erromeria Lehian taldearekin eta Bilbo Kantari taldearen irteera Bolsa eraikinetik.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
