Giroa ikustera joan, eta ezustean baserritar jantzien txapelketa irabazi
Rosa Gisasola, Lucia de la Fuente eta Larraitz Artetxe izan ziren iaz Gero Axular dantza taldeak Donostian antolatutako Baserritar Jantzien Lehiaketako irabazleak. Parte hartzeko asmorik gabe hurbildu ziren arren, jantzi tradizionalaren esentzia zaintzeagatik lortu zuten aitortza.

San Tomas eguna aitzakia ederra izan ohi da askorentzat festa giroan murgiltzeko, eta halaxe abiatu ziren 2024ko abenduaren 21ean Rosa Gisasola eta Lucia de la Fuente donostiar adiskideak Gipuzkoako hiriburuko Parte Zaharrera. «Urtero bezala baserritar jantziekin gindoazen, baina gure asmoa kalean buelta bat ematea besterik ez zen», azaldu du Gisasolak. Boulevardeko kioskoaren inguruan, ordea, Gero Axular dantza taldeak, “Dotore Jantzi” egitasmoaren baitan, antolatutako Baserritar Jantzien Lehiaketarekin egin zuten topo, eta bertan elkartu ziren euren dantza taldeko lagunekin. Azken horien bultzada eta gonbidapenari esker, lehiaketan izena ematea erabaki zuten Lasarteko Larraitz Artetxe lagunarekin batera.
Parte hartzeko erabakia bat-batekoa izan omen zen, eta lortutako garaipena erabat ustekabekoa. «Ez genuen inondik inora pentsatzen irabaziko genuenik. Giroa ikustera joan ginen, eta ezustean irabazleak ginela esan ziguten», gogoratu du. Harridura eta poza uztartu zitzaizkien, eta lehen postu horrek balio sinboliko handiko sariak ekarri zizkien: museo eta kulturguneetarako sarrerak, joskintzako dendetan erabiltzeko bonuak eta egur azalez egindako garaikur bat, artisautzari eta naturari lotua.
Epaimahaiak jantzien kalitatea eta benetakotasuna nabarmendu zituen, hori uste du behinik behin Rosa Gisasolak. Baina xehetasunek ere zeresan handia izan zutela gaineratu du: «Baloratu zuten jantziek tradizioa errespetatzen zutela, eta osagarri ugari eramatea: pololoak, zapia, ehunak…».
Jantziak egoki eramatea ere ezinbestekoa dela dio, eta euren kasuan erabilitako arropen antzinatasuna. «Orain dela hamarkada batzuk egindako jantziak dira gureak, artisau eran jositakoak, guk geuk aukeratutako oihalekin, hegalekin, neurri egokiekin. Baserritar jantzien esentzia gordetzen dute», azaldu du. Halaber, donostiar honen hitzetan, jantzi horiek urtez urte erabili izan dituzte, eta epaimahaikideek arropen zaintza ere baloratu zutela uste du.
Iazko arrakasta gorabehera, Gisasolak argi du aurtengo San Tomas egunean zer egingo duten: «Ez dugu parte hartzeko asmorik; urtero bezala, giroaz gozatzera aterako gara». Hala eta guztiz ere, halako ekimenek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Tradizio eta usadioak mantendu, eta ahal bada sendotzea, ezinbestekoa da. Garaiak aldatu arren, jendeak badu oraindik ohiturak bizirik mantentzeko gogoa, eta gazteei hori transmititzea oso garrantzitsua da».
ERROTUZ DOAN SARIKETA
Donostiako San Tomas egunean antolatzen den Baserritar Jantzien Lehiaketa Gero Axular dantza taldearen ekimena da. Talde horrek dantza eta musika tradizionalak lantzen ditu, baina bereizgarri nagusietako bat jantziei ematen dien protagonismoa da. Guztira, 60 jantzi diseinu eta 3.000 janzki baino gehiago dituzte, guztiak Euskal Herriko jantzi tradizionalean oinarrituak eta xehetasun guztiak arretaz zainduak.
Horrez gain, Donostiako talde honen jardunean, jantzi tradizionalei buruzko formazioak, hitzaldiak eta tailerrak ere eskaintzen dituzte, euskal ohiturazko janzkien erabilera eta nortasuna transmititzeko. Urteak daramatzate, gainera, Donostiako Udalarekin elkarlanean, eta Olentzeroren desfileko parte hartzaileen janzkerari balioa ematen saiatuz.
Ahalegin horren guztiaren helburua argia da: baserritar arropari merezi duen lekua ematea eta modu horretan janztea mozorrotzea ez dela aldarrikatzea. “Harrotasunez, ez harrokeriaz” lelopean, Gero Axularrek gogorarazi nahi du baserritarrez janztea gure arbasoen ohiturak gogora ekartzeko era bat dela, haien ahaleginari eta euskal kulturari aitortza eginez. Tradizioa, xehetasunez eta errespetuz, gaur egunera ekartzeko apustua, hain zuzen ere.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
