«Bertsoak ez du zentzurik, inguruan gertatzen denarekin lotuta ez bada»
Sendo, lasai eta seguru jardun zen joan den larunbatean Aitor Etxebarriazarraga Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Txapela eskuratu eta biharamunean pausaje bera du; nekatuta, lo gutxi eginda, dagoela aitortu du, baina «oso oso pozik». Lilibertson aritzen da, eta gertukoa dute Astra; txapela eskuratuta ere bertan hartu gaitu.

Hasierako agurrean esan zenuen bertsozaleak oroituko duen finala eta zuk ahaztuko ez duzun saioa egin nahi zenuela. Lortu zenuen, ezta?
Nik nirea, behintzat, bai. Pentsatu nahi dut bertsozaleek zer edo zer oroituko dutela nik egindako lanetik, eta nik %100 oroituko dut.
Zein momentu duzu gogoan?
Onintzarekin buruz burukora pasatu izana da dudan lehen oroitzapen handiena. Gero egia da horrenbesteko sustoarekin eta emozio ‘labadora’ batean sartuta, zortziko txikian laprastada bat egin nuela, oraindik hankak lurrean jarri gabe kantuan hasi nintzelako, edo ez behintzat ordura arteko tenplearekin.
Buruz burukoan zure izena entzundakoan hunkitu ere egin zinen.
Ez dakit oso ondo hitzez adierazten. Finalerdietako gorputzaldiari begira, nik nire burua irudikatzen nuen buruz buruko bikotean egoteko moduan, baina gero finala hasten da eta ariketak aurrera doaz, finaleko lanean oso zentratuta zaude eta ez horrenbeste kinieletan; orokorrean oso final ona ikusi nuen, maila ona zortzikotean eta nahiko zail antzemateko zeintzuk pasatuko ziren aurrera. Ez zen nire burua ez nuela ikusten, baina aukera asko ikusten nituen; orduan, erdi ezuste eta erdi poz.
Oihana Bartrarekin abiatu zenuen finala, zortziko nagusian oso saio txukuna osatuta. Horrek laguntzen du gorputzaldi onari eusten?
Zalantzarik gabe. Gaia polita iruditu zitzaidan; abortuaren gaia jartzeko aukera asko egon daitezke, baina forma edo nondik abiatzen zen elkarrizketa oso polita iruditu zitzaidan, eta Oihana bertsokide ‘marabillosa’ bat da, konfiantza ematen duena eta aupatzen zaituena; eta hori ere bada geroko bidearen oinarri.
Puntu-erantzunena ez da ariketa erraza izaten; gainera, armen eta gerren gaia egokitu zitzaizun, kolpean erantzuteko gai konplexua, eta bikain egin zenuen.
Nahiko tupustean harrapatu eta etorri ahala erantzun nituen; soldaduskaren eta etekinaren puntu-erantzunetan publikoaren beroa edo erreakzioa nabaritu nuen, ordura artekoa baino handixeagoa. Batzuetan erantzuten duzu eta ez dakizu zenbateraino ondo zabiltzan; baina, egia esan, aspaldion puntu-erantzunetan nahiko gustura sentitzen naiz, eta atzo bereziki.
Gai sozialek eta gaurkotasunekoek toki handia hartu zuten. Garrantzitsua dela iruditzen zaizu?
Nik uste dut larunbateko egunak ez duela zentzurik, gure inguruan gertatzen denarekin lotuta ez bada. Ez dakit ze helbururekin egin daitekeen 4.700 pertsona elkartzea gauza hutsalei buruz kantuan ibiltzeko; agian dibertimendutik bakarrik. Baina niretzat bertsoak zentzua dauka, benetan zalantzan jartzen ari garen eta aldatzen saiatzen ari garen edo aldatu nahi genituzkeen gauza guztien inguruan kantatzeko, eta bertsolariok gure ahotik kantatzen dugu, baina gero publikoak jaso ere norberetik egiten du, eta nik uste dut horretan ere elkar aberasten dugula.
Hamarreko txikian, Jone Uriarekin batera, euskararen gaian zeuk kantatutakoa da «kontzientziarik ez baitau/ pizten liturgiak/ hortako behar dira/ oilo ipurdiak». Bertsoak sarritan jartzen du oilo ipurdia. Funtzio hori betetzen duela uste duzu?
Sentsazioa daukat aspaldi honetan -bueno, ez, aspalditik dator, zeren Xalbadorren “Odolaren mintzoa” lasai asko 2025ean idatzita egon zitekeen; sorta ezin gaurkoagoa iruditzen zait- inertziaz batzuetan erortzen garela erdaraz berba egitera, eta batzuetan naturalki ateratzen ez diren gauzak kontzienteki egin behar dira, eta kontzienteki egiteko eta kontzientziak pizteko, batzuetan behar izaten da emozionatzea.
Giroa oso bero zegoen.
Nik pertsonalki izugarri gozatu nuen plazaz, zegoen giro beroaz, zaleen bertso gose hori, txaloka… Emozioak behar diren moduan, kontzientzia batzuk pizteko, nire ustez, sormena lantzea jarrera ezkor eta hotzetan zaudenean gehiago kostatzen da, eta niri behintzat jendea gogoz dagoela ikusteak asko laguntzen dit.
Puntuen arabera, ariketa guztietan goiko postuetan ibili zinen. Erregulartasuna ere garrantzitsua izaten da.
Nik uste dut bertsolari guztiok garela kontziente txapelketako eskeman gehiago zigortzen direla akatsak, ‘aziertoak’ ondu baino; goian egon nahi bada, saiatu behar da laprastada handirik ez egiten. Hori beti ez dago norberaren esku, gaia tokatu behar da alde, bertsokideak ere tenple ona izan behar du, norberari ere bertsoa etorri behar zaio, josi… Esango nuke denok saiatzen garela ahalik eta oreka handiena mantentzen, eta bereziki lan asko eskatzen duela horrek horrelako finaletan. Zortzi bertsolariko saioak luzeak izaten dira.
Amaierako agurrean, gaurtik bertatik ekiteari kantatu zenion. Garai ilun hauetan mezu eraikitzaileak zabaltzea ere garrantzitsua iruditzen zaizu?
Are gehiago, gauzak aldatzera goazenean. Normalean kolektiboa indartsu eta gogotsu dagoenean pauso sendoagoak ematen dira. Bertsolariok ere badugu joera, hausnarkor jartzen garenean edo gaiak ertzak bilatzea exijitzen duenean, alde negatiboa azpimarratzekoa. Hori ere beharrezkoa da eta agerian utzi behar dira ertz guztiak, baina txapeldunaren agurra izaki, nire ustea zen nahi nuela gorazarre bat egin, utopietara inoiz iritsiko bagara, iristekotan, gaurtik bertatik iraultza horietan ekiten izango dela.
Bukatu berri duzue txapelketa bat, baina jada Txapelketa Nagusia ere ate joka dugu. Bertarako ez da talaia txarra Bizkaiko txapeldunarena.
Hitz handietara salto egitea da hori. Ni momentu honetan oso eroso eta oso gustura ari naiz bertsotan, esan nahi dudanetik oso gertu ari naiz ia beti eta horri eutsi nahi nioke. Txapelketa nagusirako denbora falta da; majo deskantsatuko dugu aurretik. Sinatuko nuke, posturik eta helmugarik jarri gabe, baina orain arteko sendotasun honekin eta erosotasun honekin kantatu ahalko banu.
Elkarrizketa hasi orduko aipatu duzu Onintza Enbeita; Lilibertso ere aipatu zenuen txapeldunaren agurrean. Berezia izango zen larunbatekoa zuen inguruarentzat ere, ospatzekoa.
Onintza eskualdeko erreferente handienetako bat da; guretzat izan da eta datozenentzat izaten jarraitzen du. Horretaz gain, erdi familia gara; gure amonak ahizpak ziren, eta niretzat bazen emozio zurrunbilo bat; agian, gehiegi eta dena emozionatu ginen. Ni normalean ez naiz emozioak oholtzan adieraztekoa, baina Onintzak guztiz kutsatu ninduen ni ere. Bertso eskolarentzat eta eskualdeko bertsozaleentzat ere bada harrotasun puntu bat. Loa berreskuratzen dugunean mahai baten bueltan ospatuko dugu.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
