GARA

KORRIKAKO PETOA KIOSKOETARA IRITSIKO DA GARA-REKIN

GARAk eta AEK-k lotutako akordioari esker, Korrikako petoa kioskoetara iritsiko da, euskararen aldeko ekimen hau bultzatu asmoz. Datorren larunbatean, GARArekin batera eskuratu ahal izango da petoa, zortzi euroren truke. Etekin guztiak Korrikara bideratuko dira.

Korrika petoa 2026
Korrika petoa 2026 (GARA)

Korrikaren 24. edizioa hasteko atzerako kontaketa abian da jada. Hiru aste geratzen dira euskararen alde Euskal Herri osoa martxan jartzen duen ekimen handirako. Martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta martxoaren 29an amaitu Bilbon. Ekimena bultzatu asmoz, eta Korrikaren ahalik eta peto gehien zabaltzeko intentzioz, otsailaren 28an GARArekin batera eskuratu ahal izango da edizio berri honetako petoa bi mila kiosko eta salmenta gunetan baino gehiagotan.

Bigarren aldia izango da GARAren banaketa sarea baliatuz Euskal Herriko txoko guztietara petoak iristeko ahalegina egiten dena; erosleei petoa eskuratzea erraztea du helburu ekimenak. Zortzi euroren laguntzaren truke lortu ahalko dira peto hauek, eta eskuratutako diru guztia Korrikara eta banaketa gastuetara bideratuko da.

Petoa eskuratzeko beste bide erraz bat ere izango dute gure harpidedunek, datorren asteartean jasoko duten posta elektronikoko mezuaren bidez erosi ahal izango baitute.

Korrikaren ibilbidea urtarrilean jakinarazi zen eta, ohi bezala, dozenaka herritatik igaroko da. Euskararen aldeko lasterketa erraldoia herri, auzo eta txokoetara iritsi aurretik, herritar bakoitzari bere petoa eskuratzeko aukera ematea da akordio honen xedea. Hain zuzen ere, herritarrek petoa jantzi, korrika egin eta ekonomikoki ere Korrikari bultzada ematea sustatu nahi du ekimenak.