«Oso hezkuntza musikal eskasa dugu»
Gaur egungo maskaraden moduan, musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna emango du Euskal Herriko Orkestra Barrokoak. Galdakaon zenbait entsegu publiko egin eta atzo Arriagan jardun ostean, Kursaalean aurkeztuko dute bihar emanaldi berria. Estreinaldiak egitasmoaren etorkizuna bermatzeko laguntza erakartzea espero du Enrike Solinisek.

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak bere lehen bi emanaldiak egingo ditu hil amaieran. Atzo Bilboko Arriaga antzokian jokatu zuten “Masquarade”, eta bihar Donostiako Kursaalean beste hainbeste egingo dute. Anna Piroli soprano italiarraren laguntza izango dute horretarako. Miren Zeberiorekin batera, orkestra sortzeko lanetan buru-belarri aritu da Enrike Solinis (Bilbo, 1974). 25 kidek osatzen dute taldea eta, beraz, orkestra klasiko bat baino txikiagoa da. Lanak ordea, handiak dira. Lakuako Gobernuaren, Laboral Kutxaren, Kursaal Eszenaren eta Galdakaoko Udalaren babesa jaso dute horretarako.
Behin bidea hasita, egitasmoa egonkortzea eta iraunaraztea izango dute helburu. Euskal talentuak Euskal Herrian lan egin dezan, bide profesionala duintasunez garatu ahal izan dezan eta kalitatezko ikuskizunak eman ahal ditzan. Zer egiten dugun adina garrantzitsua da nola egiten dugun. Eta, horregatik, jauzi profesionala jauzi handiegia izan ez dadin, akademia sortu dute. Horrez gain, entsegu irekiak antolatu dituzte Galdakaoko Torrezabal kultur etxean.
Zer da garai barrokoko maskarada? Zein lotura du euskal maskaradarekin?
Maskarada aspalditik dator, garai barrokoaren aurretik, eta Europa osoan zehar egiten zen. Garrantzi handia zuen Frantzia aldean eta Ingalaterra aldean, izen handiko konpositoreek oso maskarada onak egin zituzten. Jatorria herrikoia da, baina denboraren poderioz aristokraziaren entretenimendu bilakatu zen. Esentzia galdu egin zen, baina sinbologia mantendu da. Hasierako maskaradak munduari buelta eman, irauli, eta boterea kritikatzeko egunak ziren, herriko jendea mozorrotzen zen, erregearen rola hartzen zuten, arauak hautsi... Umorearen bitartez gizartea sendatzeko modu bat zen. Maskaradetan hori mantendu den arren, garai barrokoan eta errege maskaradetan kritika soziala galdu zen, noski. Ipar Euskal Herriko maskaraden kasuan, harremana dute Frantziako eta Versailleseko maskaradetako hainbat melodiarekin. Doinu horietan badaude bira melodiko batzuk Charpentier edo Lully bezalako garaiko konpositoreen pasarteen antzekoak direnak. Kontuan hartu behar da Frantziako gorteetan dantzaririk garrantzitsuenak euskaldunak zirela eta haietako asko bertan zeudela. Joan-etorriko eragin hori existitu da eta guk kontzertuan hori bistan uzten dugu, jendeak ondorioak atera ditzan.
Maskarada honetan Barroko garaiko egitura mantendu dugu, suite edo dantza bilduma txiki batzuk egongo dira, sekzio batzuk. Tartean, Berritza dantza taldeko dantzarien eskutik maskaradako dantza tradizionalak ere eskainiko dira eta, horrez gain, Julio Soto bertsolariak ere kantatuko du. Maskaraden filosofiari jarraikiz, boterea zer den hausnartuko da, baina gaurkotuz. Garrantzitsua da guretzat hori azaltzea, maskarada kritika soziala delako eta uste dugu gaur egun behar-beharrezkoa dela. Musika kultua eta herriko musika lotuko ditugu azken finean.
Zuzendaritza artistikoaz arduratzeaz gain, lautea ere jotzen duzu. Publikoarentzako instrumentu berezia edo ezezaguna izan daiteke.
Lautea garai horretako Europako instrumentu inportanteenetarikoa zen. Errenazimentuan inportanteena, ziur aski. Ikonografia eta koadro guztietan azaltzen den instrumentua da; gitarra antzekoa da, baina atzeko aldean tripa modukoa du. Gorteetan, etxeetan, tabernetan... erabiltzen zen, eramangarria zelako. XVIII. mendean desagertu zen, gutxi gorabehera. Saio irekiekin batera, akademia sortu dugu. Bertako ikasleak etorri dira, jada profesionalak direnak, eta Espainiako Estatutik ere bertaratu dira laudista batzuk.
Euskal Herriko Orkestra Barrokoa hutsune bati erantzuteko asmoz sortu dela diozue. Zein da hutsune hori?
Euskal Herrian beste batzuk saiatu dira eta saiatu gara orkestra moduko agrupazioak egiten. Badaude orkestra txiki batzuk, Conductus Ensemble adibidez, baina oso irregularrak izan dira. Esan beharra dago, gainera, horrelako orkestra bat aurrera ateratzeko laguntza asko bilatu behar dela. Guk hau egin dugu Galdakaoko Udalak eta Laboral Kutxak laguntzen digutelako, eta Kursaalek eta Arriaga antzokiak programatzen gaituztelako. Baina, egia esan, hurrengo urteei begira laguntza bilatzen saiatu behar dugu. Hori da gure lan inportanteenetako bat. Oso zaila da hemen horrelako zerbait antolatzea. Horregatik, hain zuzen ere, Euskal Herrian antzinako musika jorratzen dugun gehienek kanpora joan behar izaten dugu jotzera. Eta kanpoan, beste orkestra batzuekin jotzean ezagutzen dugu elkar eta elkartu egiten gara. Are gehiago, askotan orkestra horien bitartez etorri izan gara Euskal Herrira jotzera. Kasik kontraesan bat bihurtzen da, ezta? Hemen jotzea bertako musikariekin baina kanpoko orkestra batean. Gure orkestrako kideen kasua da: Maite Larburu abeslari eta musikaria, esaterako, orkestrako parte da, abeslaria izateaz gain biolinista barrokoa da. Edota Miren Zeberio; Vienako Konzerthausen izan da jotzen duela gutxi. Pentsatu genuen garaia zela jendea elkartzen saiatu eta goi mailako produktu bat edo emaitza bat lortzen ahalegintzeko. Eta ikusteko bagarela gai, maila dugula eta musikari nahikoa daudela Euskal Herrian orkestra bat osatzeko moduan. Pertsonalki aspaldi buruan nuen kontua da. Nire curriculuma eta antolatzaileek nigan duten konfiantza eta harremanak baliatu ditut bultzatzeko. Nire taldea programatu baino, orkestra bat sortzea pentsatu nuen. Ostera, ikusi beharko da zein martxa hartzen duen, laguntzarik lortzen dugun ala ez eta aurrera egin dezakegun.
Miren Zeberio eta biok esfortzu handia egiten ari gara ildo horretan, apustu handia egin dugu. Behar-beharrezkoa ikusten dugu, Euskal Herriko festibal handietan kanpoko orkestrak ekartzen direlako. Horietan, esan bezala, askotan guk jo izan dugu. Zer gertatzen da, baina? Ez da kritika, normala da eta guztiok gaude kondizio berdintsuetan. Baina ez dago denborarik, adibidez, programatzen den kontzertu baterako orkestrarekin entseatzeko. Egun pare bat entseatzen da, eta, gero, emaitza txukuna da profesionalak garelako, baina... Guk beste eredu bat proposatzen dugu. Guk Euskal Herrian ditugu entseguak, lortzen dugun inplikazioaren arabera, udalen bat adibidez; herri horietan entsegu irekiak egitea proposatzen dugu, Galdakaon egiten ari garen bezala, publikoaren erantzuna jaso eta aukera ematea Arriaga, Kursaal edo beste antzokiren batean jotzeko. Eredua desberdina da, beraz: irekiagoa eta hurbilagoa, musika den bezalakoa alegia.
Laguntza edo babes faltarako argudioa izan daiteke publiko falta?
Hemen badira Hamabostaldia bezalako festibal asko, agian alor klasikoan gertatzen ez den bezala, publikoa handitzen ari da azken hamarkadetan. Alderaketa egitearren, hemen badira funtzionario diren orkestra batzuk, Euskadiko Orkestra esaterako. Arazoa nire ustez musika, hezkuntza aldetik, baztertua dagoela da. Ez dago interesik. Kausa edo arrazoi gehiago daude, baina nik egingo nuke ñabardura zehazteko hezkuntzak duela honetan azken hitza. Nire ustez, naiz eta iritzi partikularra izan, euskal kultura oso “enpopatua” dago. Popa eta musika gustatzen bazaizu normala da, niri ere gustatzen zait, baina nik uste dut proportzio aldetik desoreka larria existitzen dela. Gaur egun euskal ikur guztiak pop munduan sartuta daude, aldea neurrigabekoa da. 10etik 8’5, ez dakit nola esan. Dena dago “enpopatua”, “enbobatua” ez esatearren. Kolore asko zirkuitutik kanpo gelditu dira. Gaur egun hezkuntza musikala txarra baino, oso eskasa da.
Hortaz, kalitate handiko euskal musikariak itzalpean gelditzen ari dira?
Bai. Jendeak ez du pazientziarik, ezta ohitura, ikasketa edo gaitasunik ere, musikari batzuen mezua ulertzeko. Hori da larriena. Konparazio nahiko kutrea da, baina zu txikitatik ohitzen bazara arroza eta hanburgesa ketchuparekin jaten eta egun batean babarrunak eta aza jartzen badizkizute, ez duzu nahiko halakorik, edo esango duzu ez duzula gustuko. Gizarte bezala pobrezia dugu alde horretatik, hausnartu beharko genuke zergatik gertatzen ote den hau. Eta esan bezala, nire ustez kasu honetan heziketa musikala oso eskasa delako da. Eta hori penagarria da. Musikak garapen handia izan du eta modu ezohikoan. Orain dela mende bat ikaragarri garatu zen hizkuntza musikala eta orain badirudi nahi dena dela zuhaitz batera igo eta kokoak botatzen jarri berriro.
Kalitatezko lan musikalak egin nahi dituzue kalitatezko lana sortuz.
Musika ondo jotzeko entseatu behar da. Ez dago trukorik. Lana, lana eta lana egin behar da. Entseatu, errepikatu, proposatu, musika entzun... Hori guztia egin beharra dago eta horretarako denbora behar da. Eta ez baduzu horrela egiten, nahiz eta oso profesional ona izan, emaitza ziur aski ez da goi mailakoa izango. Gure kasuan, esaterako, Arriaga eta Kursaalera bederatzi lanegunekin iritsiko gara eta aurrez hilabete izan dugu norberak etxean lan egin eta musika barneratzeko. Eta laguntza minimo bat izango bagenu, emaitza zoragarria izango litzateke. Baina hori Europa mailan soilik Estatu frantsesean gertatzen da. Bertako orkestra batzuek dirulaguntza ikaragarriak dituzte. Eta musikan garrantzitsuena kalitatea jorratzea da. Edo saiatzea, bederen.
Ikasketei eta formakuntzari begira ere, kanpoan aukera gehiago topatzen dituzue?
Euskal Herrian ez dago ia aukerarik antzinako musika modu txukun batean ikasteko. Guztiok kanpoan ikasi dugu. Pil-pilean daude orkestrak akademia modukoak sortzen ari dira eta oso modu polita iruditu zitzaigun ikasle izatetik orkestra profesionalerako trantsizioa egiteko. Gure akademia jarri dugu martxan eta harrituak gaude deialdia zabaldu genuenean curriculum mordoa jaso genuelako. Euskal Herritik baina baita Estatu espainoletik ere. Horietako batzuk aukeratu ditugu, gurekin egon dira Galdakaon entseatzen eta ikusi dugu oso maila altua dutela. Sari moduan gurekin joko dute Arriagan eta Kursaalen.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El giro del PNV da aire al PSE y evita pedir responsabilidades al Estado
17 de marzo, huelga general
