J.L.
sokatira

Finalerako bidean, azken geldialdiak izango dira asteburuan

Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Gaur Iurretan izango da norgehiagoka, 17.00etan, eta bihar, berriz, Mungian, 11.30ean. Bi egunetan, 320 kiloko mailan arituko dira.

Bi saio hauen ostean jakingo da datorren larunbatean Aian jokatuko den finalean zein talde arituko diren. Gaur, A eta B multzoetakoak arituko dira lanean. A multzoan, Ñapurrak, Ibarra C, Urruña A, Murueta A eta Sokarri C jardungo dira eta B multzoan, berriz, Ibarra A, Nabarniz B, Zuraide A eta Sokarri lehiatuko dira.

Bihar, Mungian, C eta D multzoetako taldeen txanda izango da. C multzoan, Baigorri, Abadiño, Iparralde A, Apurtuarte, Nabarniz A eta 6 Conceyos arituko dira. D multzoan, Sokarri B, Urruña B, Murueta B, Ibarra B, Iparralde B eta Lagun Onak. Bi saioetako formatua berbera da. Lehen fasean multzo bakoitzean ligaxka jokatzen da. Bakoitzeko bi onenek finala jokatzen dute lehen postua erabakitzeko. Bigarren sailkatuek hirugarrena erabakitzeko, eta horrela azkeneraino. Bi jardunaldien ostean, saio bakoitzeko hiru onenek jokatuko dute finala.

A eta B multzoetan, Ñapurrak A izan zen lehen jardunaldiko onena, Ibarra A eta Nabarniz B taldeen aurretik. Oraingoz hiru talde hauek daude finalerako postuetan. C eta D multzoetan, Sokarri B gailendu zen Baigorriren eta Abadiño B taldeen aurretik.

Bestalde, Amaiurren, Nafarroako Txapelketako saioa izango da gaur, 18.00etatik aurrera. 600 kilokoan mutilak lehiatuko dira, eta Berriozar, Txantrea eta Amaiur neurtuko dira. 550ekoan, berriz, talde mistoak arituko dira, mutilez eta neskez osaturikoak. Berriozar A, Berriozar B, Txantrea eta Basaburua-Imotz izango dira. Bi jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute, eta denetako puntuak batu ostean gehien dituenak irabaziko du aurtengo txapela.