Josebe Egia
ZIRIKAZAN

«Parot doktrina», «a posteriori»

Kriminologo eta psikologoek argi dute kaleraturiko 16 hiltzaileak sentimendurik gabeko munstroak direla». «Atera dira eta orain ez dute deus egingo, baina, hilabete batzuetan, neu kezkatu egingo nintzateke». «Profil psikopatikoak dira, eta erasotzaileak ez ezik, hiltzaileak ere». Igogailuko bortxatzailea, txandalaren eroa, goitizenik ez baina Espainiako estatuko oroimen kolektiboan iltzaturiko Ricart, hiru neskatila haien heriotzaren ondoren hedabideetan muntatu zen zirku morbosoko protagonistetan gizagaixoena... Espainiako estatuan, psikosia hedatuta omen dago. Jendea -bereziki alabak dituzten gurasoak, alabak eurak eta oro har emakumeak- izututa ei dago, babesgabetasun sentsazio oso zehatzarekin. Jendea suminduta dago, nola litekeen hiltzaileen eskubideak herritar zintzoen ongizatearen gainetik babestea sinetsi ezinik. Nola litekeen bai terrorismoa, bai sexu-bortizkeria, hau da, izan daitezkeen deliturik gaitzesgarri, larri eta nazkagarrienak, egikaritu dituzten bihozgabeak berriz aske bizitzea ahalbidetzea. Dena, den-dena, Europan urrun dagoen auzitegi bati «Parot doktrina» delakoa baliogabetzea otu zaiolako, ezer gutxi kezkatuta Espainian zer-nolako ondorioak dituen erabakiak.

Horra ondorioak, beraz: terroristak eta bortxatzaileak kalean, arriskuak bider ehun mila areagotuta, babesgabetasuna, izua... Horra bestea: «Parot doktrina» edo dena delakoa bertan behera, hiri eta herriak aldez aurretik iragarritako krimenen eszenatoki izatear daude. Amorru bizia emango ez balit, txalotuko nuke eskuineko alderdiak eta euren makineriak (hedabideak) garatzen ari diren desbideratze-estrategia arrakastatsua. Emaitzari begiratuta, lortzen ari direlako: oso gutxik galdetzen dio bere buruari Espainiako estatuan zergatik izan den luzaroan Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen zuen lege-interpretazio bat; oso gutxik hausnartzen du zenbait legeren atzeko motibazioa, eta xedea, justizia edo mendekua ote den, eta jendarteari zer dakarkion horrek; mundu legaletik at, ia inork ez zituen ezagutzen «Parot doktrinaren» nondik norakoak. Orain bai, orain hitzetik hortzera dabil: «etarren» eta bortxatzaileen askatzailea.

Oro har jende xehearen ezjakintasunari, eta beldurrari, itzelezko etekina ateratzen ari zaizkie (hauteskundeetan, batik bat, jasotzea espero dutena). Oraingoan bai, interesatzen zaielako, emakumeon babesgabetasuna, arrisku egoera, biktimekiko eta haien senideekiko injustizia... nabarmenduz. Psikosi kolektiboa sustatuz, sistemaren akatsak eta baliogabetasuna estaltzen ari dira. Besteak beste, hogeita koska urte kartzelan emandako pertsona bat, kondena beteta, emakumeei dagokienez sartu bezain maltzur eta arriskutsu ateratzen bada, sistemak ez du funtzionatzen. Jakina, askoz errazagoa da zurrumurru eta paranoiaren kontrolik gabeko kutxa ireki eta gainerakoa jendearen irudimenaren esku uztea, hedabideek behar bezala haizatuta, sistemaren inguruko eztabaida zintzoa ahalbidetu baino. Ihesbide errazagoa beti besteen sufrimendua akuilatzea nork bere azpijokoak onartu baino.