Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Lehenengo denborak, beti xelebreagoak

Ramon Agirre eta Inazio Tolosa errepidean ditugu berriz, «Xentimorik gabe» obran aurkeztu zizkiguten Ray eta Nik pertsonaiak berreskuratuta eta orduan proposatu formatu komiko-musikalari jarraipena emanda.

Taula askoko artista bi hauek euskal kantagintzaren historia ero baten kontaketa egiten dute, munduan zeharreko bidaietan pilaturiko pasadizo xelebreekin tartekatuz. Road movie teatralaren itxura hartzen du obrak denetarik egiten omen dakiten bi zirtolari hauen esku: bi orkestra-gizon, euskal imajinario musikalarekin bihurrikeriak egiteko orkestratuak.

Naturaltasuna eta konplizitatea lortzeko duten erraztasunaz, publikoa bidaia-lagun bilakatzen da hasierako unetik; eta egoera barregarriak ezerezetik sortzeko duten gaitasunaz, parodia da bide nostalgikotik daramatzan ibilgailua. Ez dok hamairu-tik Beatles-era, San Petersburgotik Siziliara, ingelesezko abestien bertsio burugabeak eta hizkuntza arrotzetan solas zentzugabeak dira ibilbidearen geralekuak.

Antzezlanaren helburua xumea bezain duina da: jendea entretenitu, barrea eragin eta aspaldiko abestiak -eta batailak- gogoraraztea. Larunbatean Antzoki Zaharreko publikoa altxarazi eta kantaraztea lortu zuten, gorantza doan erritmo batez.

Batek ezin dio barre algarari eutsi Mikel Laboa, Lourdes Iriondo edo Xabier Lete bezalako jendeaz egindako imitazioak ikustean, oroimen kolektiboan ezarri diegun solemnitatea kolokan jartzen delako, katarsi-eragin puntu batekin. Zaila da esaten iraganeko kontuak beti hobeak ote diren, baina gaurtik begiratuta askotan komikoagoak suertatzen direla behintzat esan daiteke, bai.