Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Desarmea eta beste desarmea

Uffa... bale, listo. Nazioarteko Egiaztatze Batzordea etorri da Euskal Herrira, denek ikusi dute bideoa, munduan oihartzun puska ederra izan du, Espainiak berezkoak dituen purrusta eta astakeriekin erantzun du, Urkullu itxuran aritu da eta euskal herrita- rren artean denetarik egon da. Batzuentzat ondo, besteentzat eskas, eta zoritxarrez, ekintza hori ondo ulertu ote den gaineko duda ere bai, bai. Nazioarteko estandarrak betetzen dituela eta balio sinboliko eta politiko handia duela ez dut nik ukatuko, bake prozesua elikatzeko arriskuak hartuta egin den ekintza beharrezkoa zela, hala aitortu behar dela. Bai, desarmea ere martxan da. Eta perfekto ez bada ere, fundamentuz, norbere erabakiz hasita, nazioarteko bake prozesuen industriak lagunduta eta hornituta, hasi eta buka, ttarraka-ttarraka segi dezala aurrera.

Kontu serioegia da desarmea anekdotara, bideo batera ala armaz beteriko kamioi baten metaforara mugatzeko. Eta kezka punttu-punttuan dut, herritarren artean, are militante zintzo batzuen artean ere, ondo ulertu ote den. Ez baita normala arma kopuruari halako indarra ematea, ametsetako armategien erreferentzia, bideo batek kategoria sortzea. Harrigarria da, oraindik ere, gure mentalitateak desarmatzeko falta dena.

Bale, onar dezadan bideoa ez dela egin zitekeen onena. Onar dezadan, halaber, ETAk bideoak egin dituen gehienetan eskarmentu onik ez duela atera. Edo irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela onartuz, bideo demontre horri garrantzi gehiago eman zaiola desarmearen bidean egin den urrats sakon horri baino. Bale, tanto horiek denak jaso. Niretzat, bideo gehiago egongo ez balira ere, igual-igual. Egin beharrekoa serio egin eta errotak biratzen segi dezala, ahalik eta ondoen, txukun-txukun. Badut, bai, horren esperantza lasaia.

Desesperantzarako gonbidapena da, ordea, mentalitateena. Armekin ematen ez zen beldur bat, edukitzen ez zen indar bat, desarmearekin lortu nahi izatea. Kezkagarria. Bai, anbarrean harrapatutako intsektu prehistorikoa dugu mentalitatea. Eta hori iraultzea, beste jatortasun bat sano esnatzea, desarmea baino askoz gehiago kostatuko da, kostatuko denez.