Industria eta gu
Bartzelonako areto batean metal jaialdia egitekoa zen gaur, Estatu espainoleko lau talde gazte eta potenteren eskutik. Musika aldizkari batek antolatutako ekimena zen, 100. zenbakira iritsi dela ospatzearren. Sarrera, hamar euroan. Eta jaialdiaren oinarrian, otsailaren 22an beste bost talderekin Madrilen egin gisara, underground eszena astintzea, sustatzea. Antolatzaileek, baina, astelehenean jakitera eman zuten kontzertua bertan behera uzten zutela. Arrazoia, bakarra: «Ez daukagu gogorik».
Itxura denez, zazpi egun lehenago 49 lagun bildu ziren Madrilgo emanaldira, eta egun horretan bertan Bartzelonan antolatutako beste jaialdi batera 40 baino ez. «Ez daukagu denbora, energia eta dirua galtzeko gogorik, eta oraindik gutxiago honetan sinesten duten taldeei galaraztekorik», agertu dute aldizkariko arduradunek, haserrea ezin ezkutatuta: «Publikoa subiranoa da, eta jakina, zein kontzertura doan eta zeinetara ez erabaki dezake. Baina penagarria da uneoro kritika ahoan darabilen eta babes faltaz mintzo den publiko hori bera izatea horrelako ekimen bati bizkarra ematen lehena. Eta are okerragoa da beraienaz beste kontzertuetara joaten ez diren musikarien jarrera». «Musikaren kasuan, ez da soilik krisi ekonomikoa... balioen krisia da», ondorioztatu dute, gordin.
Horiek guztiak adierazteagatik, askoren animoa jaso dute. Baina baita kontrakorik ere, beste hainbatek egurtu egin baititu hilabetekariko kideak: kasketoso eta negarti deitu diete, beste adjektibo «gozo» batzuen artean.
Total, azkenean kontzerturik ez dagoela eta suma daitekeela antolatzaileen, jotzekoak ziren taldeen eta joatekotan ziren metalzaleen etsipen logikoa. Eta ikusi ditugula aldizkariak kritikatutako horien purrusta eta makilakadak.
Eta erreakzio horretan bertan egon daiteke, seguruenik, sortutako eztabaidaren balioa: batetik, ikusarazteko «industriaren krisia» kontzeptu cool-arekin askoz zabal eta sakonagoa den panorama iluna disimuluan jartzen dugula guztion artean; bestetik, konturatzeko zein deseroso sentitzen garen halako egoera baten arduraren parte egiten gaituztenean; eta azkenik, jakitun izateko musikarenean ere, beste edozein alorretan bezala, mugitzen, bustitzen, inplikatzen, ahalegintzen eta eskuak zikintzen dituena dela ostiatua bukatzen duena.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
