Xabier ETXANIZ ERLE
NARRATIBA

Zugarramurdiko gure sorginak

XVII. mende hasieran Zugarramurdin girotuta dagoen nobela hau urte haietan Iparraldean nahiz Nafarroako ipar haranetan izaniko sorgin ehizen kontakizuna dugu. Gazte literaturan sarri gertatu ohi den bezala protagonista gazte bat da: Madalen, amarekin batera bizi dena basoko etxola batean; ama, Estebania, herrira jaitsi eta atxilotu ondoren neskatilak bidaia iniziatiko bat hasiko du; hasieran erabakia hartu arte, eta, ondoren, ama sugarretatik salbatzeko eta salbatu ondorengo bidaia.

Toti Martinez de Lezeak abenturazko nobela historiko bizia eskaintzen digu oraingo honetan; Madalen gaztearen bidaia bizi ahal izango dugu, baina horren parean haren amaren eta herriko hainbat lagunen sufrimendua, atxilotze, tortura eta zigor krudelaren kontakizuna ere agertzen zaigu. Irakurlea gertakarien zurrunbiloan sartuta sentituko da, neskatoak zailtasun eta eragozpen guztien aurrean harturiko erabakiak, inkisidoreen jokabide maltzurra, baita herritarren samina eta beldurra ere ikusiko ditugu orrietan zehar.

Liburu hau bidaia iniziatikoa dela esan dugu, eta horrelaxe da; Madalen neskatila bat da aitaren heriotza gertatzean, eta emakumetuta agertzen zaigu, heldu, handik urte eta erdira Zugarramurdiko kobazuloan mutil sendo bati jazotakoak argi azaltzen dizkionean: «Zuk diozun ergel horiek sutan erre zituzten herri honetako herritar batzuk, eta oinaze ikaragarrietan erabili zituzten beste asko».

Istorioak istorio, edo historiak historia, «Ilargiaren alaba» nobela entretenigarria dugu, XVII. mende hasieran gure herrian izaniko gertakari ahaztezinaren kontakizun nobelatua, irakurlearen identifikazioa bilatuz are gehiago sentiarazten dizkiguna garaiko krudelkeria, itsukeria, erlijioaren eta boterearen izenean eginiko bortxakeriak. Horretarako egileak Madalenen istorioa azalduko digu, basoko etxolatik Logroñora egiten duen bidaia amaren atzetik, nola lortuko duen hainbat pertsonaren laguntza eta nola ama heriotzaren atzaparretan zegoela askatzen duen... Baina heriotza, tortura, eta samina agertzen diren bezala, maitasuna, laguntza eta sakrifizioa ere kontakizuneko elementuak dira. Gainera, idazleak gertakariak trebetasun handiz girotzen ditu: «Ametsik makurrenean ere ez zukeen imajinatuko Madalenek Logroñoko Inkisizioaren kartzelan sartu zenean ikusi zuena. Gizon eta emakume, burdinsarez itxitako ziegetan pilatuta zeuden guztiak, abereak balira bezala. Leku hartan heriotzaren usaina zegoen, hormak lizunez beteta zeuden, korridoreetan arratoiak zebiltzan».

Nobela hau 2003an argitaratu zen aurrenekoz gaztelaniaz eta hiru urte geroago, Jose Luis Padronek euskaratuta, Zubia argitaletxean plazaratu zen. Oraingoan, Josu Zabaletaren itzulpenari esker, Erein argitaletxeak kaleratu du berriro. Interesgarria litzateke euskarazko bi itzulpenen arteko konparaketa; boteprontoan Padronenak jasoagoa dirudi, poetikoagoa agian; Zabaletarena, aldiz, ederki irakurtzen den, korritzen duen, testua dugu. Edozein modutan, eskertzekoa da euskal irakurleak gozatzeko aukera hau izatea berriro.