Ukitu nahi dutena asko delako
Goiz batzuetan goxoago eta beste batzuetan zorrotzago; ohetik botatako lehen pausoak erabakitzen du gehientsuenetan begiradaren gogortasuna. Izan zen garai bat, gaztetxoa nintzela, munduaren aurrean nire aurkezpen gutuna zela sinistuta nengoena edo, aginduak agindu, sinetsarazi zidatela; eta orduan bai, orduan atze, aurre eta ertzei erabateko zorroztasunez erreparatzen nien, gupida gabe.
Gozoago begiratzen diodan sentsazioa daukat orain; mimo gehiagorekin, akaso. Bizitzaren gorabeherak bertan iltzatzen doazkidala konturatua nago eta haiek, xamurragoak edota gogorragoak izan, leun zizelkatzen ote diren begiratzen diot arretaz. Urteak pasa diren neurrian, nireago sentitzen ikasi dudalako ere bai, seguru asko, gehiago maitatzen eta akatsak akats ontzat ematen; ahalik eta osoen, nire egiten.
Gozoak eman dizkit gorputzak, asko, maitatzen eta maitatua sentitzen erakutsi didalako, gozatzen eta gozatua izaten; gaziak ere bai, nahi baino gehiago, arriskua zer den usainarazi didalako une askotan. Lagun eta, aldi berean, arerio izan da; baina, edonola ere, nire-nirea.
Horregatik, ukitu nahi ez zaituenak ukitzen zaituenean barrunbean sortzen den bortxazko sentsazioa sortu didate azken boladan emakumeon gorputzaren inguruan batean eta bestean egin diren aipamenek; ni ere ukitu nautelako. Nirea, nork berea duena, eurena dela esaten dabiltza, erreparorik gabe. Bai, goizero-goizero begiratu eta egunero zaintzen dugun hori lotu asmo dutela; sentitu eta sentiarazten digun horren gainean erabakiak hartzeko ahalmenekoak sentitzen direla.
Abortuaren harira mintzo dira agintariak, une zehatz batean ama izan edo ez erabakitzeko dugun gaitasun eta eskubideaz, baina haien hitzen sokak, areago doaz, sakonago, eguneroko begirada horretaraino ia, eta tenkatu eta lotu egiten dute; finean, egin, sentitu eta gozatu dezakegunaz edo ezin dezagunaz ari direlako; hori guztia ukitu nahi dutelako.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
