Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

M-11, hamaika oroitza eta hamaika irakaspen

Herenegun, martxoak 11. Beste asko bezala, ni ere oroitu naiz non eta nola jakin nuen berria. Oroitu, Atlantikoko uharte batean jakin genuela, irrati txikian minkideak adituta, Madrileko sarraskia. Oroitu naiz, nolabait esatearren, «pribilegiatuak» izan ginela, ETAren ardura aitzakia Euskal Herrian gezurra trafikatuz operazio politiko itzela zebilen bitartean, nola ospatu zuten «bizardunek», islamismoagatik preso zituzten haietako bik nola eskertu zioten euren jainkoari Madrilen gertatuaren zoria. Oroitzen naiz, bai, Euskal Herrian abertzaleen ehiza antolatu nahi zuten bitartean, nola ikusi genituen besteak «ongi ateratako ekintza» baten satisfakzioarekin. Ai, oroitzak, erantzi ezinezko jantziak.

Akordatzen naiz nola Arnaldo Otegi entzun genuen irratian eta bai azkar konprenitu genuela une kritiko horietan pertsona baten handitasuna, gidari baten sinesgarritasuna, zein argi eta indartsu egin zen ikusgarri. Eta konprenitu genuen, konprenitu genuenez, sinesgarritasuna politikan nola den den-dena, eta galduz gero nola galduko genuen dena, nola urtuko ginatekeen ezerezean. Konprenitu genuenez sinesgarritasuna galduz gero, oso zail -ezinezko ez esateagatik- dela berriz berreskuratzea.

Ikasi genuen, bestalde, politika inongo estrategia, aurreikuspen eta kalkulutan jasoak ez diren gertakariz josita dagoela, hau da, sarri determinanteena X faktorea, faktore indeterminatua izaten dela. Batzuetan alde jokatzen du -martxoak 11- eta besteetan kontra -irailak 11-, baina jokatu beti jokatzen du, ezustea, ilunpea eta sorpresa bere-bereak dituelako politikak.

Martxoak 11k, bere tragedia betean, asko indartu zuen politikoki ezker abertzalea. Kolkoa sinesgarritasunez bete zion, eta Loiolako negoziazio prozesua ere haren alaba izan zen, eskapatzen utzi eziniko aukera. Eta hala ere, Loiolak porrot egin zuen, urteetan madarikatuko diren modu eta arrazoiekin. Sinesgarritasun politikoa bera ere ia galdu zen, betiko galdu ez zenean!

Hamaika aukera eta demontre, martxoan, irailean edo abenduan etorriko da berriz X faktorea eta dena hankaz gora jarriko du. Ziur. Bitartean, hankak lurrean eta begirada urruti, iragana irakasgai eta etorkizuna ardatz, eutsi ametsaren ildoari.