Iker Bizkarguenaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Izar baten gainean

Gure herrian ez da jende asko izango «Txiki, txiki, txikia», «Jon Braun», «Apalatxo», «Korro korroan» edo «Uztaiak gora» -Ran Roberran po-po-po-po-po-po-po-po- bezalako abestiak ezagutzen ez dituenik. Nire belaunaldiaren soinu banda osatu zuten klasera mantala jantzita joaten ginenean. Atzetik etorri ziren belaunaldiena ere bai, neurri batean, baina geroxeago Txirri, Mirri eta Txiribiton, Pirritx eta Porrotx eta konpainia heldu ziren eta errepertorioa aberastu zuten.

Aipatu abestiak Imanol Urbietak idatzi eta musikatu zituen, Mixel Ducauren laguntzarekin, eta 80ko hamarkadaren hasiera-hasieran atera ziren argitara lehen aldiz disko formatuan. Esan behar da sekulako lana egin zutela biek, oraindik frankismoaren itzala sumatzen zen garai horietan umeen hezkuntzaren alorrean musika esparruan zegoen basamortuan baratze bat altxatzeko. Egia da aurretik bazeudela abesti herrikoi batzuk, eta beste zenbaitzuk aitzindaritza lanean aritu zirela -hor daude Argoitia anai-arrebak eta «Umetxoaren ametsak»-, adibidez, baina Xixupika 1 eta Xixupika 2k iraultza ekarri zuten.

Antzeko zerbait gertatu zen ETBko marrazki bizidunekin. Nik beti esan izan dut mundua bi zatitan banatzen dela: «Arturo erregea» pantaila txikian ikusi dugunak, eta besteak. Euskal Herriko milaka gazte ohik buruan iltzatuta daukate marrazki horien hasierako doinua, Dotakonen eta Araleren abenturak gogoratzen dituzten bezala.

Behin hona helduta, baten batek galdetuko du ea zertara datorren hau guztia, ea malenkoniak jota ote nagoen. Oraindik ez. Kontua da aurrekoan honetan guztian pentsatzen ari nintzela konturatu nintzela abesti horiek, marrazki horiek, gure bizitzako lehen pausoak hauspotu zituztenak, herri honetako jende askok kartzelan edo sasian zeudela ezagutu zituztela. Ran Roberraren klaxona lehen aldiz jo nuenetik, haur, ume, nerabe, gazte eta heldu izatera pasa naiz, ordutik egun naizen guzti-guztia bizi izan dut, eta, aldiz, jende askok denbora hau guztia ihesean, erbestean, deportazioan edo kartzelan bizi izan du. Eta izugarria iruditzen zait. Horregatik mingarriak egin zaizkit zenbait politikarik egin dituzten adierazpen erdeinagarriak.

Doazela pikutara babo horiek, baina guk, Jon Braunen tribukoak garenok, indarra egin behar dugu behingoz etxera etor daitezen. Euskal Herriko ume gehiegik egin duelako amets aitatxo eta amatxoren bila joango direla, izar baten gainean.