Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Sumol Nazare 2014: Alex Uranga zumaiarra nagusitu da Portugalgo uretan

Indartsu hasi du aurtengo denboraldia Alex Uranga zumaiarrak. Pipelinen bikain aritu zen eta Portugalen txapelketa irabazi zuen. Hainbestetan arerio izan duen Pierre Louis Costes frantsesa garaitu eta txapela eskuratu ahal izan zuen Nazareko olatu indartsuetan.

Pasa den astean bodyboard txapelketa garrantzitsu bat izan zen Portugalgo uretan. Azkenaldian bertan olatu erraldoiak hartu dituztelako egin da ezagun Nazare, Praia do Norteko olatu famatuari esker. Baina, horrez gain, bestelako egunetan bodyboard zaleentzako olatu onak ematen dituen urautsi bikaina ere bada.

Hala ere, azken txapelketa hau ez zen garrantzitsua izan Nazaren egin zelako bakarrik. Batetik, mundu mailako lehiakideak izan ziren, eta, bestetik, egun bodyboard munduan dagoen krisia kontuan hartuta, halako txapelketek indar berezia hartu dute, lehen zuten pareko garrantzia hain zuen. Euskaldun batek irabazi zuelako ere izan zen bereziki garrantzitsua: Alex Uranga zumaiarra nagusitu zen.

Txapelketan zehar haizea aldatu egin zen, eta, ondorioz, baita olatuen forma bera ere. Aldiz, amaiera aldera itsasoak gora egin zuen eta Nazareko olatuek duten indarra agerian geratu zen. Uretako motoekin zebiltzan sorosleek lan handia izan zuten lehiakideei laguntzen, korronteak indartsuak baitziren eta urertzeko olatuek alderik alde ixten baitzuten indar handiz.

Surfean ASP zirkuitu gisa ezaguna dena, bodyboard modalitatean IBA izenez ezagutzen da, alegia, International Bodyboard Association. Aurtengoan, baina, ez dago mundu mailako zirkuitu ofizialik, erakunde horrek antolatzen zuen munduko zirkuitua bertan behera geratu baita berau aurrera ateratzeko zituzten zailtasunengatik. Aipatu zirkuituan, Top 24 Grand Slam itzulia zen maila gorena; izenak berak dioen bezala, bertan parte hartzen zuten 24 lehiakideak munduko hoberenetakoak ziren.

Lehen mailako itzuli horretan parte hartzen zuten hiru lehiakide izan ziren Portugalgo txapelketan: Alex Uranga zumaiarra eta Pierre Louis Costes eta Amaury Lavernhe frantsesak. Hirurak iritsi ziren finalera.

Lavernhe munduko txapelduna izan zen 2010. urtean, eta, Costes, ostera, punta-puntan dabil azken urteotan. Beraz, halako lehiakideekin ikuskizuna ziurtatuta zegoen Nazaren. Horrez gain, bertako surflariek duten olatuaren ezagutza eta maila altua kontuan hartuta, txapelketa benetan zaila zela esan daiteke. Hori dela eta, bertan txapela lortzea sekulako garaipena da.

Urangak irabazi zuen sei kidez osatutako finalean. Tiago Silva, Dino Carmo eta Jaime Jesus portugaldarrak zeuden batetik, Costes eta Lavernhe frantsesak bestetik, eta, azkenik, Alex Uranga. Baina irabazlea bakarra da, eta zumaiarra nagusitu zen.

Lehen postua, beraz, Urangarentzat izan zen 37,5 punturekin. Bigarren postua Pierre Louis Costesentzat izan zen, 35 punturekin. Tiago Silvak 33 punturekin hirugarren postua eskuratu zuen. Dino Carmok 25,5 puntu eta laugarren postua eskuratu zituen. Amaury Lavernhe bosgarren geratu zen 24,5 punturekin, eta, azkenik, seigarren postua 23,1 puntu bildu zituen Jaime Jesusentzat izan zen.

Esan bezala, aurten ez da goi mailako zirkuitu ofizialik. Hala re, APB izeneko erakunde berri bat sortu da: Association of Professional Bodyboarders. Erakunde hau lehen egiten ziren goi mailako txapelketa ofizial guztiak antolatzen saiatzen ari da, eta, momentuz, urtero Pipelinen (Hawaii) egiten zen itzuliko lehen txapelketa arrakastaz egitea lortu du.

Pipelinen egin zen txapelketan Alex Uranga finalerdietara iritsi zen. Emaitza bikaina da, batik bat proba lehen mailakoa zela eta munduko urautsi arriskutsuenetako batean jokatu zela kontuan hartzen bada.

Orain, Sumol Nazare Special Edition txapelketa irabazi du Urangak Portugalen, beraz, indartsu hasi du urtea zumaiarrak. Oraindik lehiaketa garrantzitsuei egin beharko die aurre hurrengo hilabeteetan Alex Urangak, baina, txapelketetako esatariek dioten moduan, zumaiarra «on fire» dago. Alegia, sasoian da.

Bestalde, Europako Bodyboard itzulia hastear da. Lehen txapelketa Frantzian izango da apirilaren 11tik 13ra bitartean: La Salie Pro Bodyboarding Festival. Horren ostean beste hiru txapelketa izango dira. Hurrengo biak Portugalen izango dira: Miss Sumol Cup -abuztuaren 29tik 30era- eta Figueira Bodyboard Pro -irailaren 5etik 7ra-. Itzuliko azken txapelketa Morocco Bodyboard Pro izango da.