Aspaldian eman gabeko besarkadak
Begiak zabal-zabal eginda, itxuraz erabat aldatu diren bazterrei adi begira. Kontatuak zizkieten han eta hemen eta herriko hainbat txokotan izan diren aldaketa gehientsuak, baina nork bere begiez ikusi arte zaila da maiz halakorik behar den moduan imajinatzea, ezinezkoa.
Nahi gabe jarri naiz pertsona horiek horrenbeste denboran espero izan duten itzulerako bidean izan behar duten sentimendu eztandan pentsatzen, haien eutsi ezinezko gogoan, haien ezinegonean, eta, zergatik ez, ezinbestean sentitu behar duten erreparoan...
Akordatu naiz berehalakoan pasa den urtean entzun eta bizi izan nituen hainbat istoriorekin, aspaldian utzi zituzten herriak berriz ere zapaltzearekin amets egiten zuen jende hartaz, bisitatu behar zituzten lehen tokiak aipatzean begiak betetzen zitzaizkien herritar haiez, euren istorioekin eskuzabal ezagutzen ez nuen herri honen historiaren beste pasarteetara eraman nindutenez, sekula ere ahaztuko ez ditudan elkarrizketa sakon eta ederrak oparitan eman zizkidaten andre eta gizonez, euren sorterrietara berandu baino lehen itzultzea bihotzez opa diedan guzti haiez... Burura etorri zaizkit haien aurpegiak, haien hitzak, haien desioak.
Asteburu honetan ikusi ditudan besarkada sentituek hunkitu naute; besoekin eta oroimenarekin emandako poztasun keinu gisa ikusi eta ulertu ditudalako; «zer moduz» edo «pozten naiz» baino askoz ere gehiago esan eta esan nahi zutelako haiek... Atzera begirakoak dira besarkada horiek kasurik gehienetan, baina inolaz ere aurrera begira ere jartzera behartzen dute herri hau. Herritarrek aspaldian eman nahi zituzten besarkadak dira, aspaldian eman gabekoak; agian, aspaldi eman beharrekoak eta, seguru asko, beste besarkada asko eta asko ekarriko dituzten aurretiazkoak. Badatoz besarkadak ematera, baina, hori baino gehiago, herri honek behar eta desio dituen besarkadak eragitera ere badatoz.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
