Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Ai... ze herri maite eta demontrea!

Larreostia da gure herri honetako demontreen tamaina. Hemen gertatzen ez diren paradoxak! Ene, ene! Asteon enpatxatzeraino soportatu behar izan ditugu horietako bi. Bata, Iñaki Azkunaren heriotzaren zeremonia izan da; bestea, «Ocho apellidos vascos» filmaren fenomeno soziala. Eta bietan bada, bai, zer hausnartu eta nondik irakaspenak atera.

Azkuna hil eta ETBn gertatu dena Suarez hil eta TVEn gertatu denaren igual-iguala da: gehiegikeria hutsa. Heroismoa erakargarria da, bereziki sen dramatikoarentzat, eta ikaragarria da Azkuna heroi gisa nola saldu diguten. Jakina ez zela adoratu beharreko aingerutxo bat, ezta hil beharreko deabru bat ere; horixe zuela karisma, bere iritziak baino aiurri txundigarriagoa, bere ideiak baino garrantzi gutxiago ez zuen nortasuna. Hori aitortuta, baina, antolatu duten bonbardaketa mediatikoa lotsagarria iruditu zait. Eta hartara batu diren hipokrita kopurua parekorik gabekoa. Hain dira batzuk hipokritak, ezen hipokresiak hilko dituenean infernuan izan eta paradisuan daudela esango duten.

Azkunak politikan izan zuena bezala, «Ocho apellidos vascos» filmak arrakasta totala izan duela ez dago zalantzan jartzerik. Umorea, topikoa, estereotipoa eta karikatura ondo saltzen dira, eta bai, euskal jendeak mukuru bete ditu zinemak. Sinopsiak eta kritikak leitu ditudan arren, ez dut ikusi pelikula, baina demontrea topatu diot arrakastari. Izan ere, errelatoaren aroan omen gauden honetan, denbora politiko berri bat gora eta behera, kulturaren olatu berri batek herri aspirazioak arnasberritu eta irismen handiago batez hornitu behar zituela eta abar... eta to! Horra superprodukzioa! Eskoziarrek «Braveheart» ala irlandarrek makina bat film eder sortu dituzten bezala, justu denbora berri honetan, kulturaren emari berritzailea ezinbestekoa denean, «Ocho apellidos vascos» eta hor konpon. Tristatu nau, gure kulturaren eskaskeriaren adierazgarri eta alarmen pizgarri dela iritzita. Hori da, horrelakoa da dugun herri maitea, hitz faltsuak hiztegi eta purrustak purrustategi. Minkidearen aitona Luxiok esango zukeen bezala, ez dagoen tokitik ateratzerik ez dagoelako, il faut faire avec, dagoenarekin egin behar da aurrera.