Jon Ordoñez
Berria, 2014/6/25
HEMEROTEKA

Urte eta erdi geroago

Badatoz, badatoz! Hemen daude ertzainak! Beltzak etorri dira!». Akabatuta dagoen norbaiten garrasia da, baina hitz horiek arnasestuka oihukatu dituena ez da lubaki batetik frontea nola erortzen den ikusten duen soldadu bat. Izan zitekeen, etsipenari beldurra gehitu baitzaio une horretan. Baina ez da. Hitz horiek etxetik botatzekoa duten aita batek esan ditu, atzo, Ertzaintza etxeko atarira iristen ari zela. Olatu batek irentsi behar duen barku bateko kapitainaren azken deia ere izan zitekeen, bere patua erabakita balego bezala ari baita laguntza eske telefonoz bestaldera. Baina ez da kapitain bat: guraso bat da, bikotekide bat, 30.000 eurogatik etxea galdu duen familia bateko kidea.

Eta bai, dirudienez, haren patua erabakita zegoen ordurako, baina, horrela izanik ere, ezin da pentsa saihetsezina zenik; ez, behintzat, halako zor batekin. Izan ere, olatu handiagoak gelditu dituzte erakundeek estu zebilena beste bat zenean, zorra milioika euro zenean. Eta herritarren ordezkari direnak beste irtenbide bat aurkitzeko gai ez badira, euren lana gaizki egiten ari diren seinale da, garbi esanda. Urte eta erdi pasatu da handik kilometro gutxi batzuetara, Barakaldon, Amaia Egañak antzeko egoera batean bere buruaz beste egin zuenetik. Izan dute denbora polizia bidali ez baizik beste zerbait egiteko. Baina ez. Joan da polizia, eta familia bat etxetik bota dute.