Jon LEUNDA
Sokatira | Nazioartekoa

Euskal Selekzioa abiatzera doa

Abuztuaren amaieran jokatuko den Lur Gaineko Munduko Txapelketan, Euskal Herria bezala parte hartu ahal izango du lehen aldiz.

Abuztuaren azkeneko astean Euskal Selekzioak ofizialki parte hartu ahal izango du Lur Gaineko Munduko Txapelketan. Jadanik Nazioarteko Federazioko kide da, eskubide eta betebehar guztiekin. Hemendik aurrera podiumera igotakoan ikurrina ere igoko dute, eta ez dute ez Espainiako, ez Nazioarteko Federazioaren ereserkia entzun beharrik izango, eurena baizik.

Atzo Bilbon eman zuten prentsaurrekoan eman zituzten argibide batzuk, eta azaldu zutenaren arabera, Nazioarteko Federazioko azken bozketa honetan hamazazpi herrialdek hartu zuten parte. Horietatik hamahiruk aldeko boza eman zuten, beste batek boto zuria eman zuen, eta hiru ezezko baino ez ziren egon. Ondorioz, Euskal Herria Nazioarteko Federazioaren barneko herrialdea izatera pasatu da.

2012ko apirilaren 18an Espainiako Auzitegi Gorenak euskal kirolari buruzko ebazpena kaleratu zuen (BOE-A-2012-6490). Horren ondorioz, eta Lakua Gobernuaren Kirol Zuzendaritzaren laguntzarekin, TWIFekin, Nazioarteko Federazioarekin, batzar eta negoziazio prozesu sakon bat abiatu zuten, eta ondorioz, bi urte geroago iritsi da honako akordio hau. «Azkeneko hilabete hauetan gauzak asko azkartu dira, eta azkenean nahi genuena lortu dugu, eta ondorioz, datozen Lur Gaineko Mundialetan Euskal Herria bezala aritu ahal izango gara. 40 urte eta gero gure helburua lortu dugu», adierazi zuen Jone Zarragak, sokatira batzordeko arduradunak.

Jone Zarragaz gain, atzoko Bilboko prentsaurrekoan izan ziren baita ere, Jon Redondo, Gazteria eta Kiroletako Lakuako Gobernuko arduraduna, Bernardo Ureta Urpe, Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea, eta Juanjo Alvarez, Nazioarteko Zuzenbide katedraduna.

Azken honek gaia zuzenean jarraituko zuela adierazi zuen, tartean oztoporen bat agertuko balitz aurre egiteko. Aldi berean, federazioak entitate pribatuak direla ere ohartarazi zuen.

Sokatirak areto futbolaren bideari jarraitu dio, eta nazioarteko lehiaketetan ofizialki jokatu ahalko du, baina ezberdintasun batzuk badaude. Sokatiran, Espainiak ez dauka ordezkaritzarik nazioartean, baina bai Frantziak. Areto futbolean, Espainiak eta Frantziak biek dute ordezkaritza, baita Kataluniak ere.

«Gure asmoa gainerako kiroletan ere ofizialtasuna lortzea da, eta horretarako lanean eta borrokan jarraituko dugu. Agian beste kirol batzuetan ez ditugu hemen izan ditugun erraztasunak lortuko, zailtasunak ere izango dira, baina bide guztiak jorratuko ditugu, ahalik eta kirol gehienetan selekzioak ofizialak izateko», adierazi zuen Jon Redondok, Lakuako Gazteria eta Kirolen Saileko arduradunak.

Laukizen jokatuko da 600 kilokoaren bigarren jardunaldia

Sokatiran, kirol egutegia ere aurrera doa, eta 600 kiloko Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, 17.30ean, Laukizen.

Lehen jardunaldiaren ostean, gauzak bero-bero daude, bi talde faboritoak, Gaztedi A eta Goiherri A, berdinduta baitaude. Pasa den astean elkarren arteko deman ezin izan zuten irabazi, eta gaurkoan asko dago jokoan.

Berdinean amaitzen badute, dena datorren asteko azkeneko saioan erabaki beharko da. Bietakoren batek irabazten badu, txapela lortzeko pauso garrantzitsua emango du aurrera.

Lehen postuaz gain, gainerakoak ere erabakitzeko daude, eta hirugarren posturako ere ez da emozio faltarik izango. Goiherri B, Gaztedi B, Gaztedi C, Getxo eta Mutriku ere arituko dira gaurko norgehiagokan. J.L.