Imanol SAIZ
UDATE BETE

Arkangoa: Txahalki otarteko berezia

Arkangoa taberna, Nafarroako Altsasu herrian kokaturikoa, bertako tabernarik famatuenetarikoa da. 30 urte baino gehiago dituen taberna honetan pintxoak dira nagusi edo jakirik eskatuenak. Urte luzeko ibilaldia dute pintxoen munduan, eta lehiaketa ugari irabazi dituzte horiei esker. Modu askotako pintxoak izan ohi dituzte, eta guztiak ere produktu naturalez eta etxean bezala eginak direla nabarmendu dute bertakoek. Lehiaketak irabazitako pintxoetako batzuei Euskal Herriarekin eta gure kulturarekin zerikusia duten pertsonaia edo eskultura itxura eman diete, originaltasuna eta zapore bikaina bateratuta. Pintxoez gain, ostera, herrian gero eta ezagunago diren ogitartekoak ere badituzte. Ogitarteko hauek, pintxoak bezalaxe, produktu naturalekin eginak dira eta gainerako ogitarteko arruntetatik bereiztea dute helburu. Horietatik ezagunena txahal haragiz eginikoa da, bertakoek «Especial de ternera» izendatutakoa. Hauek dira ogitartekoa egiteko eman beharreko pausoak eta behar diren osagaiak:

Lehenik eta behin, xerra ogi birrindutan pasatu eta denbora tarte motz batez frijitu egin behar da, haragia urtsu gera dadin. Gero, gainean piper gorri edo berdeak ipini behar zaizkio. Gainean Idiazabal gazta «hosto» batzuk jarri eta bi galeper arrautza frijitu gehituko dizkiogu. Azkenik, etxean egindako patata frijitu gutxi batzuk ipini eta hortxe dugu Arkangoako «Especial de ternera» gozo-gozoa.