Rikardo Arregi
Deia, 2014/8/27
HEMEROTEKA

Santiago

Angel Merkel andreak erritu guztiak bete ditu Santiagora egin duen bidai turistikoan (...). Bidaia amaitzean adierazi du, Rajoy Tours bidai-agentziari esker, esperientza gogoan izango duela bizitza osorako. (...) Laudorio nagusia ez da izan, baina, katedrala edo ondare kulturala, bere jainkoa baizik, austeritatea alegia. Prentsaurrekoan turistak eta gidariak elkarri konplimenduak egin zizkioten eta, aukera ikusirik, gidariak lanpostu on bat eskatu zion turista alemaniarrari (mozkortu ez zena, bide batez) bere lagun batentzat. Bidai-agentziakoak, bere estasi mistikoaren gailurrean, haratago joan zen eta erreforma berriak iragarri zituen.

Eta une horretan bertan irribarre ironikoa desagertu zitzaidan aurpegitik: Rajoyk erreforma hitza esaten duen bakoitzean nire inguruari, eta nire poltsikoari (barkatu neurekoikeria), begiratzen baitiot izututa. Nondik etorriko dira erreforma berriak? Ez dakit, baina badakit leku txarrago batera eramango gaituztela.

Hollande jauna (moi, président) ere erreformekin dabil, eta ministro errebelatu batzuk egunero ateratzen zaizkionez, Italian baino gobernu aldaketa gehiago egitera behartuta dago, austeritate santuaren izenean. Ez dakit merezi duen Merkel, Rajoy eta Hollande zer partidutan dauden zehaztea; uste dut bizi dugun orduan eta lekuan horrek ez duela garrantzi handirik. Badakit kontua mingarria izango zaiela sozialistei, baina hala da eta Matteo Renzi itxaropen italiarrak ez du askorako ematen, antza.

Udazkenean bidai-agentziako jaun bizardun horrek erreforma berriak (udal hauteskundeena barne) apurka-apurka aletuko dizkigu, negozioa (ekonomia esan nahi nuen, barkatu) oso ondo doala errepikatzen duen bitartean.