J.L.
Harri-zulatzaileak

Aldai Aldek erabateko nagusitasunarekin eraman du aurtengo Euskal Herriko Liga

Aldai Aldek irabazi du aurtengo harri-zulatzaileen Euskal Herriko Liga. Azkeneko jardunaldia Trapagaranen bertan jokatu zen, eta bere zaleen aurrean ez zuen hutsik egin, hori ere irabazi egin baitzuen talde bizkaitarrak.

Azkeneko jardunaldian, Aldai Aldek 15 zulo eta 7,1 zentimetro zulatu zituen. Bigarren postuan, berriz, Kabiezes sailkatu zen, eta berak 14 zulo eta 7 zentimetroko marka egin zuen. Ikus daitekeen bezala, txapeldunak jaun eta jabe izan ziren azkeneko saio honetan: zulo bateko aldea kendu zion bigarrenari.

Borroka handia hirugarren posturako izan zen. Lehen bi postuetatik oso aparte geratu ziren, baina euren artean dema handia izan zuten. Errekatxo sailkatu zen hirugarren: 11 zulo eta 10 zentimetro egin zituen. Laugarren Burdin Gazteak geratu zen, aurrekoak baino bi zentimetro gutxiago zulatuta. Bosgarren Gallarta geratu zen, 11 zulo eta 3,2 zentimetro eginda. Seigarren Las Karreras sailkatu zen, 9 zulorekin, eta azkena, berriz, KZ Kolpeka geratu zen, 6 zulo eta 1,6 zentimetro zulatuta.

Sailkapen nagusian, Trapagaraneko Aldai Aldek lortu zuen txapela, eta bigarren postuan Kabiezes sailkatu zen, eta hirugarren Ortuellako Burdin Gazteak taldea sailkatu zen. Hiru horiek osatu dute aurtengo Euskal Herriko Ligako podiuma.

Harri-zulatzaileen denboraldia amaitzear dago, baina oraindik badaude norgehiagoka batzuk. Hurrengoa hilaren 13an izango da Galdakaon, eta han erabakiko da aurtengo mistoen Euskal Herriko Txapelketa.