Rikardo. Arregi
DEIA, 2014/10/8
HEMEROTEKA

Katalanez

Madrileko egunkari handienak (ez dut izenik emango, soilik partxis hitzarekin zerikusiren bat badaukala esango dizuet) katalanezko edizio berria, digitala, atera du aste honetan bertan. (...) Egunkariak bazituen astero orrialde batzuk, paperezkoak, katalanez, kulturari eskainiak, baina hemendik aurrera, interneten behintzat, egunkari osoa katalanez egongo da, .cat domeinu eta guzti.

Kataluniakoa inoiz baino goriago dagoenean, zaila da kasualitateari leporatzea egunkari horrek aukeratu duen unea bide berriari ekiteko. Horrelako egitasmoa aurrera eramatea ez da erraza, argi dago prestaketa handia eskatzen duela egunkari oso bat beste hizkuntza batean egunero ateratzeak, baina oraintxe bertan katalana intimitatetik plaza digitalera horrela gidatzeak itxura susmagarria du, nire ustez. Politika eta negozioa ez dira inoiz urrutiegi egon.

Egunkariak edizio berria agurtzeko dakarren editoriala Espainiako Erresuman gaztelania ez den beste hizkuntzei buruz behin eta berriro errepikatzen diren betiko topikoz, eta topiko orokorragoz, beterik dago: Konstituzioak bereziki babesten duen aberastasun eta errealilate kulturala (indartsu eta nabarmena) da katalana, Espainia anitzaren aldeko aldarrikapena, Bartzelona estatuko hiriburukidea da azken finean, elkarrizketa eta elkar ulermenerako itxaropena, identitate gurutzatuak, Europako subiranotasun partekatuak eta abar. Euskararekin gertatzen denaz pentsatzen gelditu naiz: agian euskara ez da hain errealitate kulturala (...). Aniztasunak, elkarrizketak, elkar ulertzeak eta partekatzeak ederrak dira, bai. Eta mundu osoko bakea ere ederra da. Miss Unibertso guztiek badakite hori.