Rikardo. Arregi
DEIA 2014/10/22
HEMEROTEKA

Hiru urte

Lasaitu ederra hartu genuen guztiok orain dela hiru urte ETAk armak erabiltzeari utziko ziola adierazi zuenenan. Lasaitu eder hura zein eder eta zein lasaitu izan zen ahanzteko joera dugu, bizitzan beste kasu askotan bezala (...), berdin jokatzen baitugu afera honetan ere. Badirudi gure burmuina prest dagoela bizipen desatseginak buruaren azken txokoko neurona galduren batean lehenbailehen alboratzeko: biziraupen teknikak. Horregatik beharrezkoa da, nire ustez, lasaitu ederrarena orain ere, hiru urte pasa eta gero, gogora ekartzea (...).

Eta hobeto gaude, nola ez, askoz hobeto. Ez dakit hiru urte asko den ala gutxi, biak batera ziur aski, ikuspuntuaren arabera, baina gaztetxo batzuentzat ETA, 2014ko udazkenean, Historia liburuetan geratzen ari den gauza ez oso hurbila izango da dagoeneko. Ez naiz oroimenaren aurkako aldarrikapena egiten ari, ongi baitakit ETA hurrengo urteetan presente izango dugula, eta hala behar du izan, min handiak argitu behar baititugu oraindik.

Bestalde, nik ere pentsatzen dut hiru urte hauetan gertatu behar ziren gauza asko ez direla gertatu; are gehiago, gauza gutxiegi gertatu direla lasaitu eder harekin batera piztu zitzaigun itxaropenera bueltatzen baditugu begiak. Presoak apurka-apurka Euskal Herriko kartzeletara ekarriko zituztela uste genuen, besteak beste, baina ezer ez da konpondu. Batzuetan agirien eta batzordeen labirinto amaigabe batean sartuta gaudela dirudi: egiaztatzaileekin, Estatuko setakeriarekin, Otegi eta enparauen kasuekin, elkarbizitzarekin, armak ematearekin.

Datorren urtean lau urte beteko dira ETAk armak utzi zuenetik, hurrengoan bost (zenbaki borobilagoa), eta gero sei, zazpi... Nola egongo gara? Orain bezain geldo eta geldi? Lagun batek baikorra izateko eskatu dit, gauden egoeran gaudela, aldaketa politikoak azkarrak eta handiak izan daitezkeela, hobeto gaudela eta askoz hobeto egongo garela. Hala bedi.