Anjel Lertxundi
Berria 2014/11/12
HEMEROTEKA

Amore ematen

Maitaleen arteko triska eta tirabiretan amore ematea deitzen diogu batek besteari arrazoia emateari edo barkamena eskatzeari. Ez dakit lokuzioaren argibide zuzena ematen ari naizen, baina berdin zait: zuzentasun filologikorik ez balu ere asko du sotiltasun poetikotik: amore ematen duenak zubi bat eraikitzen du bere maitasunaren partetxo batekin. Errukia edo nekea edo kalkulua edo ondorio latzagoak sahiestu nahia ere egon liteke amore emate baten atzean, noski baietz, baina benetako amore emate bat ez da, ars amandiren terminoetan behintzat, kapitulazio bat izaten.

Berripaper honen bertsio digitalak Amore eman du titularra erakutsi zuen atzoko egunaren parte handi batez, eta Yolanda Barcinaren argazkia ikusten zen hitz larri beltzen gainean. Amore eman, nori? Euskaldunoi? Badakigu ezetz, libidoa ez daukagu hain antzu, baina euskara hainbeste pertsegitu duenak ez zuen amore eman bezalako opari liriko-erotikorik merezi.