Jon Ordoñez
BERRIA, 2014/12/2
HEMEROTEKA

Normaltasun diskriminatua

(...) Demagun Galizian Atletico Madrileko zale bat hil dutela burdinazko barra batekin jo eta ibaira botata. Demagun Kataluniako mossoek politikari unionistak eta euren hurkoak zelatatu dituztela zio politiko batekin. Eta gurera ekarrita? Demagun babes neurri guztiak kendu eta hiltzen dutela Espainiako zale bat Euskal Herrian, aldez aurretik prestatutako erasoan. Demagun alderdi politiko independentista batek zuzentzen duen erakundeak jartzen duela bere Polizia aurkari politikoa zelatatzen.

Gauzak, baina, ez dira horrela gertatu, eta Madrilen berdin-berdin jokatu zen igandean hilketaren ondoren Atletico Madrilen eta Coruñako Deportivoren arteko partida. Eta Galiziako klubeko presidenteak normaltzat jo zuen, hildako zalea ez zela zale «normal» bat argudiatuz. Edozein kontroletik kanpo Poliziaren unitate batek independentismoa jomugan izatea ere normala irudituko zaio askori, eta esango dute Madrilen eta «metropolitik» kanpo (orain gutxi Espainiako armadaburu batek esan zuen bezala) ustelkeriaren aurka ari zirela eta normala dela hori ere.

Norberaren tolerantziaren araberakoa da normaltasuna hein batean, baina botereak inposatu eta ezkutatzen duenak baldintzatzen gaitu. Buelta emanda ikusten da askotan gertaera normalak zenbateraino diren diskriminatuak.