Mikel Asurmendi
argia
HEMEROTEKA

Legezkoa ez, baina zilegi bai

(...) Bruno Carrere auzapez berriaren agintepean, hauxe izan zen lehen erabakia: «Euskara hizkuntza ofiziala da Uztaritzen, frantsesaren hein berean». Udalbatza osatutako 29 hautetsien gehiengoak ebatzi zuen, hots, Uztaritze Baiko 22 hautetsien baiezkoarekin. Oposizioko inork ez zuen kontrako bozik eman. Biharamunean, estatuaren ordezkari Durand prefetak auzitegietara eraman zuen erabakia. «Erabakia ez da inoren aurka hartua izan. Demokratikoki hartua izan zen, herritarren eskubideetan oinarritua, demokraziaren oinarria omen diren testuetan funtsatua. Alta, epaiak beti erran duguna berretsiko du: Frantziako demokraziak ez ditu euskal herritarron eskubideak errespetatzen», dio [If Matxikote] hautetsi abertzaleak. Areago esan ere: «Erabakiarekin herritar guztientzako eskubide bera bermatu nahi izan dugu, euskaraz nahiz frantsesez».

(...) Hasteko, herrian borrokatu behar da. Herriko Etxea da demokraziaren biltzar hurbilena, erabakiak hartzeko zilegitasuna duena.

(...) Herriko Etxearen agintea aldatu liteke etorkizunean, hala balitz ere, anartean, Uztaritze Baik sustatutako gobernu berriaren politika ongi azaldu eta garatu nahi dute: «Gure iritzi bera ez dutenek agintea hartzen dutenean ikusiko dute zer egin. Anartean, begi-bistan geratuko da euskararen alde egitea ez dela herritarren aurka egitea. Inportanteena guretzat da erakustea euskarak baduela izatea, baduela tokia eguneroko bizitzan».

Herriko Etxearen erabakiak oihartzun zabala izan du Euskal Herri osoko hedabideetan: «(...) orain, Herriko Etxeak, erakunde demokratiko herrikoi batek erabaki administratiboa hartu du. Horixe lorpena».

Lorpen handia izan da, bai horixe. Erratetik egitera aldea baitago: «Bai, dena dela ere, nire euskalduntasuna nik hautatu nuen. Guk euskara ikasi dugu euskaraz bizitzeko. Ez dugu hautu hori egin itxura egiteko, hautu bat da, ez hautu polita edo ausarta».

Errepublikan ez dago frantsesaz beste hizkuntza ofizialik. Euskara ez da legezkoa. Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara zilegi nahi du ordea. Herriak hala erabakita. Demokratikoki.