GAUR8

EAEko herritarren %86k iturriko ura edaten du

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoak txorrotako uda edaten du eta beren etxeko uraren kalitatea ona dela uste du. %9a da botilako ura bakarrik edaten duena.

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %86k iturriko ura edaten du, %5ek ura txorrotatik eta botilatik eta %9k botilako ura bakarrik edaten du. Gehienen ustez, gainera, beren etxeko uraren kalitatea oso ona da; ona, %41aren iritziz eta nahiko ona %48aren ustez.
Ondorio horiexek jaso ditu Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako “Uraren inguruko iritziak” izenburudun txostenak.
Hartara, hamarretik bederatziren iritziz, EAEk nahikoa ur du bere beharrak asetzeko. %41ek uste du hala izaten jarraituko duela hurrengo hamar urteetan, eta %31k pentsatzen du ur kopurua asko edo dezente gutxituko dela epe horretan. Aldiz, %12aren ustez eskuragarri dagoen ura ugaritu egingo da datozen urteetan.
Bestalde, herritarren gehiengo zabala, %87, kutsatzen dutenek uraren truke gehiago ordain dezatenaren alde agertu da. Bide horretan, biztanleriaren herena inguru bakarrik legoke prest uraren kalitatea hobetzeko diru gehiago ordaintzeko.
Herritar gehienek uste dute ur-kontsumo normala duela (% 71), baina, era berean, gehiengoa dira bere ur kontsumo maila murriztu egin daitekeela uste dutenak. Iritzi hori batez ere gazteen artean nabarmena da.
Ibaietako kutsadurari begira, herritarren %42ak uste du enpresak direla horren arduradun zuzenak eta %15ak herritarren ardura ere aipatzen du. Herritarren %10ak uste du administrazioak baduela partea kutsadura horretan eta %2ak nekazaritza eta abeltzaintza ere aipatzen ditu arazo horren jatorrian.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %60ak uste du ibaien eta lakuen egoera gaur egun duela hamar urtekoa baino hobea dela. Pertzepzio horrek behera egiten du (%52) kostako guneei eta estuarioei buruz galdetzerakoan. Lurpeko uren inguruan, berriz, ezezagutza handia dago. Galdetatutakoen erdiak inguru aitortzen du ez dakiela erantzuten lurpeko urei buruzko galdera.