GAUR8

Baso politika berri baten beharra aztergai Donostian, Narturkon eta Aranzadik antolatuta

Pil-pilean dagoen gai bati helduko diote larunbat honetan Naturkon koordinadorak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak: baso politika berri baten beharra. Ahots eta ikuspegi ezberdinak bilduko ditu goiz osoko jardunaldi batean, Donostian.

Eukalipto landaketa bat, irudian.
Eukalipto landaketa bat, irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

“Baso politika berri baterako oinarriak” jardunaldia ospatuko da larunbat honetan Donostian, Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten eta naturazaleen kolektiboak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta.

Zorroagagainako Aranzadiren egoitzan izango da topaketa, goizeko 9.00etan hasita eta 14.00ak arte, eta hainbat ikuspegi bilduko ditu. Izan ere, basojabeen hausnarketa jasoko du hitzorduak, baita basoen kudeaketa publikoaren inguruko Berriatuako esperientzia edota basoaren zigor-babesari dagokion gogoeta, besteak beste.

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, gaia agenda publikoaren lehen planoan kokatzen ari da, batez ere eukalipto landaketen hedapenak eragindako kezkak bultzatuta, bizi dugun krisialdi ekologikoaren testuinguruan.

Hitzaldiaren nondik norakoak azaltzen dituen ohar batean, «krisi ekologiko globala inor gutxik eztabaidatzen duen garai hauetan, basoen berreskurapenak berebiziko garrantzia» duela nabarmentzen dute.

Agertoki kezkagarri horretan, monolaborantza intentsiboak eragindako basogintza-krisiak eredu berri baten beharra agerian utzi duela planteatzen dute. Azaltzen dutenez, «ekosistema zerbitzuetan arreta jarrita, biodibertsitatearen kontserbazioa eta berreskurapena ardatz izango dituen baso politika irudikatzeko garaia da».

«Egoera honetan, baso-jabeen iritziak entzungo ditugu; politika publikoak administratzen dituztenei ere emango diegu ahotsa, haiek behar eta nahiak ezagutzeko; azkenik, baso-ekosistemak eta beraz, biodibertsitatea besteko dugun legediaz ere hausnartuko dugu, aukerak eta mugak bistaraziz», zehaztu dute hitzorduaren inguruan..