GAUR8

Itsas jatorriko sendagai onkologikoei buruzko proiektu batean parte hartzen ari da EHU

Itsas jatorriko farmako onkologikoak garatzea helburu duen ONCOLIBERYX proiektuan parte hartzen ari da UPV/EHU. Konposatu aktiboen espezifikotasuna areagotzea eta toxikotasuna eta albo-ondorioak murriztea dira ikerketaren helburu nagusietako batzuk.

NanoBioCel ikerketa taldeko zientzialariak, irudian.
NanoBioCel ikerketa taldeko zientzialariak, irudian. (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), NanoBioCel ikerketa-taldearen bitartez, ONCOLIBERYX partzuergoan parte hartzen du, jakitera eman duenez. Itsas jatorriko sendagaiak emateko estrategia berriak bilatzea da helburua, konposatu aktibo onkologikoen espezifikotasuna areagotzeko, toxikotasuna eta albo-ondorioak murriztuz, eta, aldi berean, efektu terapeutikoak mantenduz edota areagotuz.

Ohar batean azaldu du PharmaMar enpresa farmazeutikoak koordinatzen duela proiektua, eta nabarmendu du firma hori duela hogeita hamar urte baino gehiagotik minbiziaren aurkako itsas jatorriko sendagai berriak garatzen ari dela.

Gobernu espainoleko Industria Ministerioak berriki «bikaintzat» jo dituen estatuko hamar farmazia-enpresetako bat da, bai industriaren eta ekonomiaren ikuspegitik, zein ikerkuntzagatik, garapenagatik eta berrikuntzagatik, azpimarratu dute.

3,5 milioi euroko finantzaketa

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren lankidetza publiko-pribatuko proiektuen 2022ko deialdiaren barruan dago egitasmoa, eta 3,49 milioi euroko finantzaketa du Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsetatik.

ONCOLIBERYXek Euskal Herriko Unibertsitateko, Santiagoko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko CIMEko nanoteknologian eta onkologian punta-puntakoak diren lau ikerketa-talde biltzen ditu, PharmaMar bildumako itsas konposatuetan oinarritutako terapia onkologiko berriak sor ditzaketen formulazio paregabeak lortzeko asmoz.

Jose Luis Pedraz buru duen UPV/EHUko Nanobiocel taldeak mikrofluido teknologian oinarritutako sendagaiak askatzeko sistema berrien, immunoterapiaren eta minbiziaren arloan duen esperientzia eta ezagutza emango du.