GAUR8

Ehun plan baino gehiago proposatzen ditu Euskal Kostaldeko Museoen Hilabeteak

Martxoa Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea izango da. Ekimenaren X. edizioak ehun plan baino gehiago dakartza hilaren 1etik 31ra are. Tailerrak, jolasak, bisita gidatu bereziak, dastaketak eta ibilbideak daude proposamenen artean, doakoak edo prezio berezian.

Irungo Oiasso Museoa, artxiboko irudian.
Irungo Oiasso Museoa, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetearen hamargarren edizioak 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako 28 kultur ekipamendutan. Proposamen horietako batzuk egun ezberdinetan errepikatuko dira, eta, beraz, ehun plan baino gehiago izango dira martxoaren 1etik 31ra bitarte.

Familientzako tailerrak, haurrentzako jolasak, bisita gidatu bereziak, doako sarrerak, dastaketak, itsasontzian ibilbideak eta zuzeneko ikuskizunak bezalako jarduerak proposatzen ditu egitarauak. Jardueren egutegia eta informazio osoa eskuragai dago jada www.euskalkostaldekomuseoak.eus webgunean.

Egitaraua atzo aurkeztu zen 75 urte beteko dituen Bizkaiko Arrantzaleen Museoan, Bermeon. Azaldu zutenez, azken urteetako apustuari jarraituz, museo parte hartzaileek ahalegin handia egin dute aurtengo ekintzak ere «berezi eta esklusiboak» izan daitezen. Kontuan hartu behar da, esan dutenez, esperientzia horiek urtean zehar ezin direla gozatu. Gainera, jarduera gehienak doakoak izango dira, eta ez direnek prezio bereziak izango dituzte.

Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea Museoen sareak antolatutako ekintza berezien programa Lakuako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa du baita Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako kultura sailen laguntza ere.

Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea zenbait kostaldeko udalek, erakunde pribatuek eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek kudeatutako museoek eta kulturgunek diseinatutako jarduerei esker garatzen da.

Sareko museoak

Eskaintza berezia izango duten museo eta kulturguneen artean Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria, Donostiako Aquariuma, Bizkaiko Arkeologia Museoa (Bilbo), Hondarribiko Arma plaza, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Zarauzko Arte eta Historia Museoa, Santurtziko Agurtza Itsasontzi Museoa, Getariako Cristobal Balenciaga Museoa, Zestoako Ekainberri, Busturiko Ekoetxea Urdaibai, Gernikako Euskal Herria Museoa edota Donostiako Euskal Itsas Museoa daude, besteak beste.

Ekintzak izango dira, halaber, Muskizko El Pobaleko Burdinolan, Gernikako Bakearen Museoan, Bilboko Itsasmuseumen, Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan, Muskizko Muñatonesko Gazteluan, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoan, Plentziko Plasentia Butron Museoan, Irungo Oiasso Museoan, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan, Getxo-Portugaleteko Bizkaia Zubian, Astigarragako Sagardoetxean, Donostiako San Telmo Museoan, Kortezubiko Santimamiñen, Santurtziko Itsas Museoan eta Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean.

Euskal Kostaldeko Museoen Sarea 2012ko irailean aurkeztu zen, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak hauspotuta. Gaur egun, sarean 38 ekipamendu daude, kudeaketa publikoa zein pribatua dutenak. Eskaintza turistiko bati forma eman, balorean jarri eta kostaldeko kultura eskaintza zabaltzea da helburua, bai bertakoentzat, baita kanpoko bisitarientzat ere. Halaber, museo, interpretazio zentro eta ondare lekuen kudeatzaileen arteko elkarlanerako aukerak ahalbidetu nahi dira.

Bestalde, sarearen webgunea berritu dute, eta ekintzen bilaketak erraz eta arin egin daitezke. Webguneak baditu beste berritasunak ere, esaterako, museo bakoitzarentzako orrialde espezifikoa argazki, ibilaldi birtual eta bideoz hornituak eta blog atal bat.