GAUR8

EHUko lau ikasle egongo dira ‘Plancks’ fisikari buruzko nazioarteko txapelketaren finalean

EHUko Fisika eta Ingeniaritza Elektrokikoko lau ikasle neurtuko dira maiatzean Milanen mundu osoko beste ikasleekin, fisika teorikoko lau erronkari aurre egitea eskatzen duen ‘Plancks’ nazioarteko lehiaketan.

Milaneko finalean parte hartuko duten ikasleak, irudian.
Milaneko finalean parte hartuko duten ikasleak, irudian. (UPV/EHU)

Jaime Lopez, Gabriel Ybarra, Marco Lopez eta Carmelo Lopez EHUko Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko ikasleak ‘Plancks 2023’ nazioarteko txapelketaren finalera heldu dira, Estatu mailako probetan nagusitu ostean. Taldeen arteko fisika teorikoko lehiaketan proba esperimentuetan eta fisikaren benetako egoeretan oinarritutako lau arazori egin behar izaten diete aurre.

Guztira 200 unibertsitate ikasle baino gehiagoren parte hartzea duten saioak gainditu ondoren helduko dira Milanera. Bertan, mundu osoko taldeekin neurtu beharko dira. Gabriel Ybarraren esanetan, «pozgarria» izan da postu altua espero zutelako baina ez irabaztea.

Estatu mailan 1.000 euroko saria izan du taldeak, Ramon Areces Fundazioaren eskutik. Orain, Milan da hurrengo helmuga, International Association of Physics Students (IAPS) erakundeak antolatzen duen nazioarteko lehiaketa.

Maiatzaren 12tik 16ra jokatuko da azken fasea. Lau eguneko ekitaldia da eta jarduera ugari izaten dira haren inguruan, zehaztu dutenez.

Bost kontinenteetako 40 taldek hartzen dute parte eta lehiaketako saioen ondoan, programaren osagarri gisa zientzialari ospetsuen hitzaldiak izango dira.

Lehiaketari dagokionez, hiru orduko epean fisika teorikoko lau arazori aurre egitea eskatuko zaie taldeei, mekanika klasikoarekin, optika aplikatuarekin eta kosmologiarekin zerikusia duten askotariko gaiekin lotuta.