GAUR8

Emakume Artzainen Egunarekin bat eginez hasiko da Mendialdeako Azoka Ibiltaria

Apirilaren 16an izango da Mendialdeako Azoka Ibiltariaren lehen hitzordua Arriben (Araitz), Emakume Artzainen Egunarekin bat eginez. Artzaintzaren inguruko bizipen hunkigarriak eta inguruko elikagaiak eta artisautza dira protagonista nagusiak. 

Emakume artzainen topaketa eta omenaldia egingo dira 16an.
Emakume artzainen topaketa eta omenaldia egingo dira 16an. (Plazaola Partzuergo Turistikoa)

Apirilaren 16an, Araitzen, bailarako emakume artzainak omentzeko ekitaldiarekin bat eginez jarriko da abian Mendialdeako Azoka Ibiltariaren IV. edizioa.

Elikagai eta artitsautza postuak 10.30ean zabalduko dira. Goiz osoan zehar gaztagintzako erakustaldia, «Artzainen kale animazioa ‘Orritz-Iskidi’ artaldearekin» eta musika giroa izango da azokaren inguruan, baita dastaketa eta “Gazta mundu borobila” solasaldia, Plazaola-Mendialdeako emakume artzainen eskutik.

Topaketa, omenaldia eta beste proposamen batzuk

Eguerdi aldean, Arraitz-Beteluko emakume artzainei omenaldia izango da egun horretan bertan. Izan ere, iaz omenduak izan ziren Lekunberri-Larraungo emakume artzainen parte hartzea izango duen topaketa batekin hasiko da egitaraua. Helburua da lanbidearen inguruan hausnartzea, bizipenak partekatzea, ikaspenak kontatzea eta ahalduntzea.

Urrira arte luzatuko da azoka ibiltarien egitaraua Beuntzan. Maiatzaren 14an, Arruitzen (Larraun) izango da hitzordua, «latxa arrazako ahari genomikoen enkantearekin» bat eginez.

Ekainaren 4an, Goizuetara doa azoka Txundar Egunarekin bat eginez. Lekunberrik hartuko du lekukoa ekainaren 25ean, Latasak (Imotz) uztailaren 2an, Jaunsaratsek (Basaburua) uztailaren 30ean eta irailaren 10ean Leitzako ‘Talo egunak’ hartuko du azoka.

Areson (irailaren 24an) eta Beuntzan (urriaren 8an) izango dira azken bi hitzorduak. Igandetan eta 10.30etik 14.00ak arteko ordutegiarekin egingo dira guztiak.

Programaren hasieraren aurretik, bestalde, atariko zenbait hitzordu izango dira, Aralar inguruko artzaintzaren tradizioa protagonista izango dutena. Lekunberriko geltoki zaharraren eraikinean erakusketa txiki bat ikusi ahal izango da apirilaren 5etik 16ra.

Astiz-Irujo Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkartearen parte hartzea du erakusketak baita zonaldeko zenbait gaztandegirena ere, eta artzaintzari eta gaztagintzari lotutako tresnak, erremintak eta argazkiak ikusi ahalko dira bertan. Osagarri moduan, eguerdian eta arratsaldean Plazaolari eta bertako artzaintzari buruzko bideo eta argazki emanaldiak eskainiko dituzte.

Beste proposamenetako bat apirilaren 15erako da. Lehen azokaren bezperako egun horretan, dastaketa profesionala egingo dute Idiazabal Jatorri Deituraren eskutik.