GAUR8

Hezkuntza berrikuntza jorratzen duten 47 proiektu EHUko Carlos Santamaria Zentroan ikusgai

Hezkuntza berrikuntzarekin lotutako 47 proiektu daude ikusgai Donostian, EHUko Carlos Santa Maria Zentroko Txillardegi aretoan. Bi urtetan zehar unibertsitatean garatutako egitasmo nagusiak dira, 41 jakintza eremutako ikasle taldeek aurkeztuta.

Erakusketak unibertsitatean hezkuntza berrikuntzarekin lotuta aurkeztutako proiektu nagusiak biltzen ditu
Erakusketak unibertsitatean hezkuntza berrikuntzarekin lotuta aurkeztutako proiektu nagusiak biltzen ditu (Gorka RUBIO | FOKU)

EHUko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan 2020 eta 2022 urteen artean unibertsitatean garatutako proiektu nagusiak ikus daitezke hilaren 29ra arte.

Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (HELAZ) aurkeztu du egitasmo horiek biltzen dituen “Hezkuntza-berrikuntza UPV/EHUn” erakusketa, ‘IKDi3 Lab’ deialdiek sustatutako irakaskuntza ikerketaren arloan landutako proiektuak ezagutarazteko.

Erakusketak 47 proiektu biltzen ditu, 41 jakintza eremutako ikasle taldeek aurkeztuak, azaldu du EHUk ohar batean.

Aipatutako ‘IKDi3 Laborategia’ Hezkuntza Aholkularitzako Zerbitzuak 2020. urtetik argitaratzen duen deialdia da, «irakaskuntzaren berrikuntza sustatzeko».

«Ekimen honen bidez, IKDi3 berrikuntza-proiektuak eta ibilbideak UPV/EHUko tituluetan txertatzea bultzatu nahi da. Beste aldetik, irakasle taldeek berrikuntzarako duten gaitasuna indartzea nahi du, martxan jar ditzaten tituluetan egoki integratuko diren proiektu berriak», zehaztu dute EHUko iturriek.

Ikasle taldeen artean sinergiak sortzea da programak duen beste helburuetako bat.

Erakusketa ekainaren 29ra arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera eta goizez zein arratsaldez, 9.00etatik 20.00etara egongo baita zabalik. Bertaratzen direnek, gainera, kamiseta zozketa batean parte hartu ahal izango dute, aurreratu dutenez.