GAUR8

Ozeanoen Munduko Egunarekin lotuta Euskal Herrian izango diren ekimenak nabarmendu dituzte

Gaur ospatzen den Ozeanoen Munduko Egunaren harira itsas baliabideak babesteko ekimenen garrantzia nabarmendu du Ibon Cancio EHUko irakasleak, eta testuinguru horretan, irailaren 11tik urriaren 18ra Euskal Herrian burutuko duten egitasmo zientifikoak nabarmendu ditu.

Ereaga hondartza eta Algortako portua, artxiboko irudian.
Ereaga hondartza eta Algortako portua, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ozeanoen Munduko Eguna da ekainaren 8a, eta duela hiru urtetik hona egiten den Ozeanoen Hamarkadaren barruan kokatuta dago, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak hartutako erabakia jarraituz. Horren harira, Ibon Cancio EHUko Biologia Zelularreko irakasleak «ozeanoek gure egunerokoan duten eragina» ekarri du gogora, baita horretarako gako den ezagutza nabarmendu ere.

Testuinguru horretan, irailean Bizkaiko kostaldean izango diren egitasmo zientifikoen inguruko hainbat datu aurreratu ditu, maila horretako ikerketek itsas baliabideen babesean duten proiekzioa azpimarratuz.

‘Campus’ EHUko agerkarian argitaratutako artikulu batean, ozeanoak «planetaren brankia» gisa funtzionatzen dutela azaldu du, CO2ren hustubide eta «elikagai, botika eta baliabide iturri» direla gogoratuz.

«Munduko egun honen xedea da homo sapiens-ak itsasoan duen inpaktuari buruzko informazioa zabaltzea, ozeanoak babestearen aldeko mugimendu bat bultzatzea eta herritarrak batzea gure itsasoen kudeaketa jasangarrirako proiektu baten inguruan», azaldu du, aurtengo leloa zehaztuz: “Planeta ozeanikoa: korronteak aldatzen ari dira”.

Itsas baliabideen erabilera jasangarria sustatzeko eta planeta ozeanikoaren osasuna babesteko, ezagutza da mundu akademikoak eta zientifikoak daukan «tresna bakar baina ahaltsua», azpimarratu du adituak. Zehaztu duenez, ekainaren 8koa bezalako ospakizunen «helburua da (ez)ezagutza hori partekatzea eta itsasoak babesteko beharrari buruz kontzientziatzea».

Bide horretan, ‘Garapen Jasangarrirako Zientzia Ozeanikoen NBEren hamarkada (2021-2030)’ egitasmoaren garrantzia aipatu du, «‘itun-kutxa’ moduko bat» eskaintzen baitu «ïtsas ikerketarekiko munduko konpromisoa sendotzeko». Erronka komun batzuen aurrean kolektiboki lerrokatuta ikertzeko zein inbertsioak egiteko marko gisa deskribatu du, eta finkatu dituen hamar desafiroak ekarri ditu gogora.

«Itsas kutsadura ulertzea eta garaitzea», «ekosistemak eta bioaniztasuna babestea eta lehengoratzea», «munduko biztanleria modu jasangarrian elikatzea» edota «ekonomia ozeaniko jasangarri eta ekitatibo bat garatzea» dira zerrendatutako lehen erronkak.

‘Ozeanoen Hamarkada’ horren barruan, halaber, beste erronka batzuk zehaztu dituzte: «ozeanoetan oinarritutako klima aldaketarako irtenbideak desblokeatzea», «komunitateek arrisku ozeanikoekiko duten erresistentzia areagotzea», «ozeanoak behatzeko munduko sistema zabaltzea», «ozeanoaren irudikapen digital bat sortzea», «trebetasunak, ezagutzak eta teknologia denontzat» bermatzea eta «gizadiaren eta ozeanoaren arteko harremana aldatzea».

‘TREC’ goi-mailako proiektu zientifikoa

Helburu horiekin lerrokatuta, irailaren 11tik urriaren 18ra goi-mailako egitasmo zientifikoa den ‘TREC’ espediziora hurbiltzeko aukera izango dela aurreratu du EHUko biologoak. Espedizioak 22 herrialde bisitatu eta 42 geldialdi egingo ditu, eta horien artean «zortzi geldialdi hautatu dira gune nagusi gisa», zehaztu duenez.

Azaldutakoaren arabera, proiektuan, sedimentu eta sakonera txikiko uren eta habitatetan hautatutako organismo-ereduen laginketa egingo dute, eta Plentzia-Bilbo izango da aztertuko duten «super-gune» horietako bat. «Laginketa intentsiboa» eta «herritarren zientzia garatzea» dira Tara itsasontziak garatuko duen proiektu horrek uztartuko dituen helburuak.

‘TREC’ espedizioak EMBLren Laborategi Mugikorraren laguntza izango duela azaldu du Canciok, baita «laginak prozesatzeko eta metadatuak eskuratzeko behar den tresneria» ere.

«Laborategi horrek abangoardiako teknologia ekarriko du Plentziara, UPV/EHUko zientzialariekin elkarlanean aritzeko. Gainera, TRECen helburua da herrialdetik herrialdera egingo duen bidean herritarren arreta piztea» eta «agerian uztea biologiaren ahalmena gure gizarteen erronka globalei aurre egiteko, ingurune lehortar eta itsastarren arteko konektibitatea nabarmenduta», nabarmendu du EHUko irakasleak.

Euskal Herrian egingo duen geldialdi horrekin lotuta hainbat jarduera izango direla gogoratu du. Horren ondoan, gainera, itsas bioaniztasunaren aldizkako behatoki den EMO-BON sareak laginketak egiteko dituen 16 puntuen artean Getxo dago, EHUko Plentziako Itsas Estazioko (PiE) zientzialarien ardurapean.

Zientzialariak gogoratu du duela gutxi, Plentziako badian kokatutako ‘One-Health’ HOBE behatokia» gehitu diola PiE Estazioak sare horri, eta azpimarratu du «jarduera hauen bidez datu baseak elikatu eta espezieen banaketa atlas bat sortu» ahal izango dela, «lagungarri izango dena ikerketa sendotzeko gurea bezalako planeta aldakor batean». 

Ozeanoen Munduko Egunaren harira, G9 Unibertsitate Taldearen baitan, EHU arduratu da Balear Uharteetako Unibertsitatearek¡n batera jarduera komuna diseinatzeaz, ‘Itsaso bete zientzia’ lehiaketa antolatuz. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta, «itsasoko ekosistemak babestu eta lehengoratzean inspiratutako literatura eta arte lanak» sortzea proposatu du deialdiak, eta 554 ikaslek hartu dute parte.

Sariak gaur banatuko dituzte Bilboko Itsas Museumean egingo den ekitaldian. Bertan, Plentziako Itsas Estazioko ikertzaileek bultzatuta, ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte.