GAUR8

Durangoko bonbardaketak eragin zituen hildakoak identifikatzeko lana aurkeztu du Gerediagak

1937ko Martxoaren 31ko bonbardaketak 213 hildako eragin zituen, eta gehienak identifikatu badituzte ere, 13 gorpuzkinek jarraitzen dute izen-abizenik gabe. Datuok Gerediaga Elkarteak bildu ditu azken bi urteetan Jimi Jimenez historialariak gidatutako lan batean.

Irudian, bonbardaketaren biktimen oroimen-gunearen inaugurazioa, iaz.
Irudian, bonbardaketaren biktimen oroimen-gunearen inaugurazioa, iaz. (Raul BOGAJO | FOKU)

«1937ko martxoaren 31ko bonbardaketako biktimei izen-abizenak jarri dizkiegu», plazaratu du Gerediaga Elkarteak, azken urteetan egindako ikerketa lan batek jasotako emaitzak ezagutarazi ondoren. Lanak aurrerapen nabarmenak ekarri ditu hildakoen identifikazioari dagokionez, baina, azaldu duenez, ikertzeko asko dago oraindik.

Identifikatutako gorpuzkiak hobi komunetan ehortzitako 84 lagunenak dira. Ohar batean gogoratu du elkarteak 2021ean Durangoko Udaleko Memoria Mahaian adostu zela ikerketa eta familiak bilatzeko lana, Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kutur Elkarteak bultzatuta, eta Udalaren babesarekin eta Gogora Institutuaren laguntza ekonomikoarekin.

Ikerketa lana Jimi Jimenez historialari durangarrak burutu du. Ikerketa prozesu horretan, bonbardaketan hildakoak aipatzen ziren zerrenden azterketa egin da, Jon Irazabal historialariak 2001ean argitaratutako liburuan jasotako datuak oinarritzat hartuta. Liburu hartan 334 biktima jaso zituen, baina horrez gain Jose Antonio Agirreren Gobernuak 1937an bertan kaleratutako txostena bera aztertu dute.

Izan ere, lanak helburu bi izan ditu: bonbardaketako biktima kopuruaren berrikuspen zehatza egitea, eta euren identifikazioa egitea. Azterlanak 213 biktima zehazten ditu, eta horien artean ezezagun diren 13 pertsona daude.

Beste kausa batzuk

«Orain arte Durangoko bonbarbaketetako biktimatzat genituen zenbait ez dira egun horretako biktimak, nahiz eta batzuk gerrako biktima izaten jarraitzen duten. Aztertutako zerrendetatik 77 izan dira beste kausa baten ondorioz hil zirenak», argitu du elkarteak, eta erantsi du «ondorioztatu dutela gerra egoerak eta unearen zailtasunak Durangoko bonbardaketen biktima ez ziren hildakoak zenbatzea eragin zuela».

Ikerketaren ondorioz biktima askoren izen-abizenak zuzendu dituzte eta errepikatutako biktimak ere aurkitu dituzte. Biktimen artean Abadiñoko bonbardaketan izandako lau hildako ere jaso dituzte. «Horiek Durangoko bonbardaketako biktima moduan mantentzea erabaki dugu, Durango erasotzeko operazio militar berean izan zirela uste dugulako, kontuan izan behar da Abadiño Durangoren herri mugakidea dela eta erasoak ekialdetik mendebaldera hasi zituztela», adierazi du Gerediagak.

Biktimen izaerari dagokionez, %74 zibilak izan zirela argitu du lanak, %15 16 urtetik beherakoak eta %17 60 urtetik gorakoak. Gainera, beste %26 Euzko Gudarosteko batailoi ezberdinetako gudariak ziren, eta 19 eliztar daude, tartean Santa Susana komentuko 14 monja».

Nabarmendu dutenez, datuok «frogatzen dute azpiegitura estrategikoak suntsitzeaz gain, populazio zibilaren kontrako eraso garbia izan zela, herritarrak izutzeko helburuarekin».

Gerediagak azpimarratu du, bestalde, biktimen zerrenda dokumentu «irekia» dela, «ezin dugulako ziurtasun osoz esan bonbardaketako biktima guztiak erregistratu zirela». Gainera, ohartarazi du oraindik 13 pertsona identifikatu barik daudela, eta horrek zabalik uzten du biktimen inguruko ikerketa lerroa.

Era berean, «komenigarritzat jo» dute Abadiñon zer gertatu zen ikertzea eta gerra garaiko azterketa sakonago bat egitea.