GAUR8

Natura eta deskonexioa nabarmendu ditu Aiaraldeko Aste Santuko turismo kanpainak

Aiaraldeak dituen ingurune natural pribilegiatuak, kultur ondarea, zero kilometroko produktuei lotutako gastronomia eta deskonektatu nahi duten bisitarientzako eskaintzen dituen aukerak nabarmendu ditu Aiarako Kuadrillak Aste Santuko turismo kanpainan.

Maroñoko Urtegia eta Gorobeleko mendilerroa atzean, Aiarako udalerrian.
Maroñoko Urtegia eta Gorobeleko mendilerroa atzean, Aiarako udalerrian. (Juanan RUIZ | FOKU)

Hurrengo jaiegunetako bisitei begira ‘Naturaz blai’ lelo duen kanpaina jarri du abian Aiarako Kuadrilla eskualdeak gordetzen duen xarma ezagutarazteko. Deskonexioan eta presarik gabeko planetan jarri du azpimarra Kuadrillako Turismo Sailak.

Arabako ipar-mendebaldean kokatuta, Nerbioi ibaiaren goi-arroan, Gasteizekin eta Bilborekin komunikazio bikaina duen zonaldea dela azpimarratzen du kanpainak.

«Aiaraldeak edonork nahiko lukeen guztia dauka deskonexio-egun batzuetarako», azaldu dute Kuadrillako arduradunek, «hurbileko helmuga» horrek natura, kultura eta ondarea uztartzen dituen eskaintza zabala nabarmenduz.

Ingurune naturalari dagokionez, penintsulako ur-jauzi garaiena den Nerbioiko Jauzia edota Gorobel mendilerroa dira aipatutako puntu nagusietako bi, baina famiia planak egiteko, Goikomendi eta Kuxkumendi, Maroñoko Urtegia eta Garrastatxu azpimarratzen ditu aurtengo kanpainak, 25 margolarik haritzen azalean egindako lana jasotzen duen La Robleda de los Sueños edo Nerbioiko Parke Linealarekin batera.

Kultur ondarea eta «nortasun-ikurra»

Turismo aktiborako eskaintzaz gain, kultur ondare historikoari dagokionez, eskualdean bisita daitezkeen Kexaako Monumentu Multzoa, Indianoen Etxeak, Artziniegako Hirigune Historikoa edota artearen Andre Mariaren Santutegia aipatzen ditu, besteak beste.

Eskualdearen «nortasun-ikurra» den txakolina da eskaintza turistikoaren beste ardatz nagusietako bat, eta horren barruan, bisitak, ibilbideak edota dastatzeak egiteko aukera nabarmentzen du Kuadrillak.

Aiaraldea bisitatzeko erakargarritasunen artean gastronomia da nabarmendutako beste atal bat, gaztandegietatik hasita zero kilometroko produktuetan oinarritutako sukaldaritza eskaintza zabalera arte. Ostatu hartu behar izatekotan, paisaia naturalez inguratutako eskaintza zabalak beste xarma bat du «bakea eta lasaitasuna» bilatzen dituzten bisitarientzako.