Eli Pagola Apezetxea

Eta gero gerokoak

Zein da Txapelketan gehien erabili den esaldia? Top 3ko hirugarren postuan egon daiteke «zerbaitengatik dira finalistak», bigarrenean, «saioak bakarkakoetan egin du gora» eta, lehen postuan, alde handiz, «bai, baina hau Txapelketa da».

Izan ere, bertsolaritza ez da kirola, kultur adierazpide bat da eta ezin da unean bertan zerotik hamarrera puntuatu edo bertso hau zazpikoa eta hori seikoa dela ebatzi. Hori badakigu, baina hau Txapelketa da. Herriko bertso saiora bertsolariek esateko dutena entzutera joaten gara, ez klasifikazio baten bila. Baina hau Txapelketa da. Plazan saio ona ateratzea espero da, baina hau txapelketa da eta espero dudana da X-k saio ona egitea. Urtean zehar zientoka bertso saio interesgarri izaten dira, gustuko kontestuan gustuko bertsolariak biltzeko probabilitatea handiagoa da, baina Txapelketa hau da. Bertsolariek urtean zehar badituzte saio gehiago, baina astean bizpahiru bertso eskola eta kuadernoko lana eginda Txapelketara doaz. Bertso gogoangarriak plazan ere entzuten dira, bai, baina Txapelketan entzuten direnak antologiko bihurtzen dira.

Txapelketa ardura handia da. Sekulako jarraipen mediatikoa egiten zaio, dena grabatzen da, milaka belarritara heltzen da eta Bertsozale Elkartearen erakusleiho handiena izango da. Espektakulu honetako pieza bakoitza da, bere erara, horretaz kontziente. Tesituran, alderdi kontserbadorea gailendu zaigu askotan, hainbeste, non gure lagun “gazteei” finalera ez pasatzea opa izan baitiegu, handitxo geratuko zitzaielakoan, edo finalean hiru emakume irudikatu baitira asko jota.

Hau Txapelketa delako, analisi sakon bat egingo zaio eta, era berean, hau delako Txapelketa bildu dira zortzi bertsolari, merezimenduz. Eman diezaiogun akabera eder bat honi, eta gero gerokoak. •