Amalur Artola
GURE ESKU DAGO

Lehen hazia jartzetik 52. kilometroa eskuz lotzera iritsi dira idiazabaldarrak

Idiazabalen hasi zen guztia, herri kirol talde batek ezberdintasunen gainetik adostasunak bilatu eta aho batez «nola ez dugu ba edukiko erabakitzeko eskubidea?» esan zuenean. Aldarria Goierrira zabaldu zen lehenik, Gipuzkoara gero, eta Euskal Herrira azkenik. Giza kate arrakastatsutik astebete igaro den honetan, ekimenaren sorlekuan, Idiazabalen, izan gara. Filmeko protagonistak herritarrak direla aldarrikatu duen herrian.

 Lehen hazia jartzetik 52. kilometroa eskuz lotzera iritsi dira idiazabaldarrak
Lehen hazia jartzetik 52. kilometroa eskuz lotzera iritsi dira idiazabaldarrak

Bihar beteko da astebete 150.000 lagunek euren arteko ezberdintasunak ahaztu eta, elkarri eskua emanda, Durango eta Iruñea lotu zituztenetik. Alderdi politiko eta instituzioez harago, herritar soilak izan ziren erabakitzeko eskubidearen aldeko festa arrakastatsuko protagonista. Baita sustatzaile ere. Giza katea hedabide eta politikarien ahotan ibili den aste honetan, gu ekimenaren lehen hazia jarri zutenei begira jarri gara. Idiazabalen egin dugu hitzordua, dena hasi zen herrian.


Oraindik urduri topatu ditugu Xabier Intxausti, Eider Alustiza eta Tere Barrena. Igandekoa sinetsi ezinda. Irribarre artean hartu gaituzte, emozioz gainezka, baina, aitortu dutenez, atseden hartzeko gogoz. «Urte gogorra izan da eta merezi dugu hori ere!», ziurtatu du Xabierrek.
Plaza ondoko elkartean, Gure Esku Dagoko bilerak egiten dituzten mahaiaren bueltan eserita kontatu digute nola bizi izan duten jada “historikoa” abizena bereganatu duen mobilizazioa, baina baita giza kate erraldoiak jendea metatu eta deitura hori bereganatu ahal izateko aurretik egindako lanketa ere.


Idiazabaletik Eskoziara begira


2007an hasi zen guztia, Idiazabaleko herri kirol taldeko kideek Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren edota Korrikaren aldeko aldarrietan adostasuna biltzen bazuten, beste aldarrikapen baten inguruan ere ados jartzeko modua izango zutela ikusi zutenean. «Adin, kuadrilla eta iritzi ezberdinetako pertsonak geunden taldean, baina ‘erabakitzeko eskubidea dugu’ gisako aldarrikapen sinple bezain oinarrizkoan bat egiten genuen, eta hura lantzea erabaki genuen», kontatu du Eiderrek.


Hala bidaiatu zuten, 2008ko Aste Santuan, Eskoziako Highland Games jaialdira. «Beste esperientzia batzuk ezagutu nahi genituen eta, herri kiroletan genbiltzanez, Eskozia hautatu genuen. Gogoan dut urte hartako otsailean, herriko jaietan, egin genuela aurkezpena. Frontoia lepo zegoen, 600 pertsona inguru izango ginen. Kirol taldeko kideak erabakitzeko eskubidearen alde Eskoziara gindoazela azaldu genuen eta aurkezpenean sentsibilitate ezberdineko bi pertsonak hartu zuten parte; horrek izan zuen bere eragina», ziurtatu du Xabierrek.


Eskoziatik hartu zuten irakaspenik. «Euskal Herrian herri mugimenduetara ohituta gaude, baina han ez genuen halakorik ezagutu. Gehiago jotzen da ordezkaritza politikotik, instituzioetatik, administraritzatik... Han, alderdiek erreklamatzen dutena bozkatzen dute herritarrek. Gure ikasketa nagusia izan zen unionistek ere erabakitzeko eskubidearen alde zeudela esaten zutela: ‘Nik Bretainia Handian geratu nahi dut eta horren aldeko lan politikoa egingo dut, baina erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko bat da, eta noski sutsuki defendatuko dudala’. Guk, han horren erraz ikusten zutena hemen ez ikustea nola den posible galdetu genion geure buruari».


Lehen bidaia haren ondotik etorri zen bigarren esperientzia bat ezagutzeko gogoa eta, hala, Katalunia izan zuten helmuga. «Han beste irakaspen batzuk hartu genituen. Herriz herriko galdeketa egin zuten garaia zen eta han kontsulta independentziarekin lotzen zuten, bazuen plus hori. Lan egiteko beste modu bat zen eta hortik ikusi genuen Katalunian herriak mugitu zituela hainbat politiko: herriak du han indarra. Gure artean, ‘hangoek egin baditek eta bestaldekoek ere bai, guk ere zer edo zer egin beharko diagu!’ esan genuen».


Ordurako zerbait ari zen egosten Idiazabaleko lapikoan eta eskuartean zutena eskualdera zabaltzea deliberatu zuten. Handik etorri zen, 2010ean, arrakasta itzela izan zuen Eskozia-Euskal Herria jaialdia, Ordiziako errugbi zelaian 7.000 lagun elkartu zituen festatzarra. «Lan asko egin behar izan genuen hura antolatu eta zabaltzeko, kamisetak saldu, taloak egin, errifak... Baita jaialdiaren berri emateko ere. Atzeko lan handia egon zen, eta dena egin genuen herritarrok», nabarmendu du Xabierrek.


Sentsibilitate ezberdinak biltzeko saiakera handia egin zela gaineratu du Eiderrek, eta aldarrikapena jendeari helarazteko eran asmatu zutela uste du. «Egun oso arrakastatsua izan zen eta beste eskualde batzuetako jendeak ‘Zer da hau? Zer dago hor atzean? Hau ezin al da beste eskualde batzuetara eraman?’ galdetzen zigun. Testuinguru politikoan ere gauza asko ari ziren gertatzen eta herri honek bazuen aldarrikapenarekiko gose edo nahi bat. Ez dakit jendea desanimatuta zegoela esaterik dagoen, baina jendeak aldarrikapen honetan bere plaza ikusi duela behintzat uste dut, eta aspaldian erretiratua zegoen jendea berriro agertu da, jende berria batu... Paper protagonista hartu dute», azaldu du Eiderrek.


Protagonismoa herritarrei ematea. Hori izan da, euren ustetan, egitasmo honen arrakastaren gakoa. «Lehen unetik eduki ditugu harremanak alderdi politikoekin, baina ekimenera gerturatu nahi bazuten besteen tamainan izan beharko zuela argi genuen. Puntu hori asko zaindu dugu; denentzat dago atea zabalik, baina hemen ez dago inor besteen gainetik», ziurtatu du Eiderrek.
Ordiziako jaialdia handia izan zen. Euskal Herriko hainbat puntutatik etorritako jendea bildu zen, eta guztiek egin zuten bat aldarrikapenarekin; “Erabakitzeko eskubidea dugu” oihukatu zuten. Jada Nazioen Mundua izena hartuta zuen talde eragiletik, ordea, gaia sozializatzeko beharra ikusten zuten. Eta, tiraka-tiraka, “Gazta zati bat” dokumentala erditu zuten. «Hori izan zen detonatzailea», dio Eiderrek. Xabierrek gaineratu du herriz herri zabaldu izanak utzi zuela bere arrastoa eta, berriro ere, herritarrei paper nagusia eman izana izan zela arrakastaren gakoa.
Dokumentala 2012an aurkeztu zen, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Oinarrizko eskubide bat exijitzeko plaza ezin hobea. Ondo gogoan dute lehen aldiz ikustean sentitu zutena. «Kristorena izan zen. Hotzikarak, negar egiteko gogoa... Hogei bider ikusiko nuen eta denetan egin dut negar. Asko du emoziotik», azaldu du Xabierrek. Eiderrek Idiazabaleko elkarte batean ikusi zuen lehendabizikoz: «Jon Maia eta hauek etorri ziren lehen zirriborroa erakustera eta ondo zegoela iruditu zitzaidan, baina etxera ez nintzen ‘zera’ horrekin joan. Baina Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatu zenean... ni behintzat denbora guztian dar-dar batean egon nintzen. Malkotan, pozik zein triste».


Txikitasunaren handitasuna


Idiazabaletik Goierrira, handik Gipuzkoara, Euskal Herrira... Harik eta Gure Esku Dago sortu zen arte. «Batzen eta batzen eta batzen... Idiazabalen lantalde bat sortu zen bezala, orain herri askotan daude. Eta sintonia berdintsuan gainera. Batzuetan ez da erraza. Idiazabalen ere, lantaldean gaudenean, gutxi gorabehera ezagutzen dugu elkar, baina ez dugu galdetzen ea besteak nori ematen dion botoa. Gaudenak gaude eta gero eta errazago hitz egiten dugu gai hauez. Bilakaera bat eman da, denek hitz egin, besteari entzun eta norabide berean lan egiteko gogoa dugulako. Garbi dugu erabakitzeko eskubidea dugula, baina baita inork ez duela egia osoa ere. Konfiantza hartu eta aurrera segi ahal izateko oinarriak finkatzea da gakoa», ziurtatu du Xabierrek.


Eiderrek jarraitu dio: «Hor dago ekimen honen potentzialtasun edo indarra. Ze eskubideren jabe garen konturatu behar dugu; ez gara eskubideak erreklamatzen ari, bagara horien jabe. Batzuek eskubideak ‘eskatu’ behar ditugula diote... Gu ez gaude ados: nazio bat gara, herri bat gara, herritarrak gara eta eskubide horren jabe gara. Hori sozializatzeko erreminta bikaina izan zen ‘Gazta zati bat’. Hori zen lortzen zailena, herri honetako egoera edo gatazka politikoa dela-eta gai sentsiblea delako. Baina, hori desmuntatu eta oinarria bera biluzik uzten duzunean konturatzen zara gauza oso sinple batez ari garela hizketan. Erabakitzeko eskubidea dugula, eta erabaki nahi dugula. Kontua da hori ere erakutsi egin behar zela».


Ideia hori herriz herri transmititzeko lanabesa izan da “Gazta zati bat”, baita nazioartean euskal herritarron aldarria zabaltzeko bidea ere. Horrez gain, Gure Esku Dago izenpean lanean aritu diren dozenaka pertsonaren akuilu izan da. «Giza katearen ideia atera zenean ados egon ginen. Ideia polita zen, baina egia da ere urte oso gogorra izan dela. Herrietan taldeak sortu behar ziren, materiala antolatu, katea bera nola egin ikusi... Orain urtebete ez zegoen ezer, Anjel [Oiarbide] bera ibili da herriz herri hitzaldiak eta aurkezpenak egiten, eta horrek ikaragarri lagundu du ekimena hedatzen», azaldu du Xabierrek.


«Muina herrietan batu den jendea izan da, lana herrietatik egin da. Idiazabalen ibilbide hori egina genuen, baina ikusgarria izan da herrietan taldea osatzean sortzen zen ilusioa berriro bizitzea, lanerako ze gogo dagoen ikustea. Hunkigarria izan da, eta, hemen bezala, gainontzeko herrietan ere denetariko jendea batu da», azpimarratu du Eiderrek, eta berak ere baietz, urte gogorra izan dela dio. «Beti oroitzapena daukat ‘hau noizko da?’ galdetuta erantzuna ‘atzoko’ izaten zela... Ordu txikietan egindako ekimena izan da!», dio, irribarrez.


Besteren artean, 2010ean Donostiako Miramar jauregian aldarriarekin bat egiten zuten Euskal Herriko politikari, kultur eragile eta kirolariekin argazkia atera zuteneko bezpera du gogoan: «Ordiziako jaialdiko ekimena aurkezteko eta gai hau sozializatzen joateko aurkezpen bat egin genuen eta hainbat jendek manifestua sinatzea lortu genuen. Zaila izan zen, oraindik ekimena ez zelako oso ezaguna; kristoren izerdiak eginda lortu genuen jendea erakartzea. Argazkia atera aurretik guk aurkezpentxo bat egin behar genuen. Gogoan dut ekitaldia larunbat eguerdian bazen Anjel, Dani eta hirurok ostiral gaueko ordu bietan oraindik manifestua erredaktatzen ari ginela... Sinesgarritasuna lortu arte, ekimen honen lanik gogorrena giza harremanak lantzea izan da».


Ormaiztegiko 52. kilometroa


Ekainaren 8a eurentzat egun oso berezia izan dela aitortzen dute hiru idiazabaldarrek. Xabier, Idiazabali egokitu zitzaion kilometroko arduradun lanetan aritu zen, Ormaiztegiko 52. kilometroan: «Bezperan oso urduri nengoen egia esan, ez nuen kasik lorik egin eta bueltaka eman nuen gau guztia. Goizeko bederatzietarako zitatu gintuzten, baina ni 08.30erako Ormaiztegin nintzen, nire txirrinda eta guzti. Han ibili nintzen, aurrera eta atzera, atzera eta aurrera. Goizeko lehen orduak lasai joan ziren, bagenekien izena emanda zeuden 440 idiazabaldarrak noiz iritsiko ziren. Jendeak bazekien egun berezia zela, baina ez zetozen sekulako emozioarekin ere, eta iritsi ahala itzalak hartzen joan ziren. Eguzki gehiegi zegoen».
Jendea itzaletatik ateratzea kosta zitzaiola aitortu du: «Une batean larritu ere egin nintzen, katea osatzeko izerdia atera genuen! Alde batetik tira hona, bestetik bestaldera... Jendetza mugiarazi behar zen eta nik uste baino zailagoa izan zen».


Sorpresa 12.30ean iritsi zen, kate osoaren irudiak hartzen ari zen helikopteroa oraindik ez zela pasa eta bost minutuz egoteko eskatu zietenean: «Korrika ibili ginen, denei egoteko esaten... Helikopteroa pasa zen, hartu zituen irudiak eta... orduantxe hartu nuen arnasa!».


Arratsaldean Lazkaoko festara joatea egokitu zitzaien. Hantxe jakin zuen 150.000 pertsona bildu zirela eskuz esku: «Ezin nuen sinetsi, izugarria iruditu zitzaidan. 100.000 ginela-eta pozik nengoen, baina... 150.000! Gainera, atentzioa eman zidan inork ez zuela zifra hori zalantzan jarri, ez zela beste batzuetan izaten den zifra dantzarik egon. Gure kilometroan 755 kontatu genituen, bagenekien asko ginela, baina zure kilometroan egonda ez duzu gertatzen ari denaren dimentsiorik hartzen», nabarmendu du Xabierrek.


Eiderrek herritar gisa hartu zuen parte, baina antolakuntzan egotea zer den jakinda urduritasunak nahi baino gehiago eragin ziola onartzen du: «Ez zidan pentsatzen uzten. Etxetik irten eta zapiaren bila itzuli behar izan nuen, gero kamiseta... Lagun batzuekin geratua nengoen, baina, horren urduri nengoen, iritsi orduko haurraren kotxea autobusean sartu eta igo egin nintzela. Bete zenean irten egin zen... nire lagunik gabe! Haiekin harremanetan jarri nintzenerako Ormaiztegin nengoen», oroitu du, barrez.


Kilometrora iritsi zenean lasaitu zen Eider, jendea bazegoela eta antolakuntza lana ondo egiten ari zela ikusi zuenean. «Azkar pasa zitzaidan, olatuarena eginez eta abar. Gustura. Lazkaora iristean jabetu nintzen han gertatu zenaz: herri sarreran geratu ginen, itzalpean, haurrari jaten emateko. Eta jendea etorri eta etorri ari zela ikusten genuen, etenik gabe... ‘Baina... hauek denak etorri al gara?’, pentsatu nuen. Eta hori Lazkaon bakarrik, ze Bergara, Durango... jaialdi ezberdinak zeuden, eta denetan horrenbeste jende! Horrekin konturatu nintzen hau izugarria izan dela».
Terek beste ikuspegi batetik jarraitu zuen eguna. Urte osoan Idiazabalen duen goxo-dendan Gure Esku Dagoren txartelak eta materiala saltzen aritu da. Ekainaren 8an Ormaiztegin egoterik izan ez zuenez, hedabideen bidez jarraitu zuen giza katea: «Kilometroa, autobusa, zapia... dena nuen erosia baina ezin izan nuen joan. Autobusera herritarrak agurtzera joan eta gero Info7 irratiaren bidez jarraitu nuen». Lasai zegoela dio, ziur zegoela dena ondo irtengo zela, «nik jada txartel asko saldu nituelako eta banekien beste herrietan ere antzeko zebiltzala. Horren da polita zuk eskua luzatu eta beste batek, zu nor zaren begiratu gabe, heltzea...».


Irratiak eman zion ekimenaren tamaina: «Denetariko jendea zegoela ikusten zen, ilusioz beteak denak, eta nabaria zen barrutik irteten zitzaiela ilusio hori. Irudi ederrak utzi ditu ekimenak, hainbeste jende ikusita hunkitu egin nintzen. Ni amaiera horrekin geratzen naiz. Dena primeran irten zela, ikusgarria izan zela, esku bat, beste bat, beste bat... eta, gainera, honek aurrera egingo duela uste dut. Nik ez dakit asko politikaz, baina oinarrira jo eta horren ezberdinak diren eskuak batzeak ona izan behar du derrigor. Dendan, kartel bat irakurri eta ‘nork ipini du?’ galdetzen didatenean, nik irakurri eta ados badaude kasu egiteko esaten diet. Prozesu honetan hori gertatu da: oinarri batekin ados dagoen jendea bildu da, ondokoa nor den begiratu gabe».
Orain, ekainaren 8ko sentipenez gozatu eta aurrerantzean egingo denean pentsatzeko unea da. Giza kateak, baita aurretik egin den hausnarketa eta lanketa guztiak ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu eta masa soziala aktibatzeko balio izan du. Baina, lehen hazia jarri zutenen hitzetan, orain hasten da benetako erronka. «Hemendik aurrera beste era bateko eztabaidak hasiko dira, agian politikotik gehiago dutenak, baina horretara iritsi ahal izateko bide hau egin beharra zegoen; oinarri bat finkatu behar zen. Orain arteko bidea zaila izan dela esaten da, baina nik uste orain hasten dela benetako erronka», hausnartu du Eiderrek. Une honetan, Europan autodeterminazioaren bidean doazen hiru foku nagusi daudela sinesten dute; bata Katalunia, bestea Eskozia, «eta, orain, Euskal Herria hirugarrena izan dadila lortu dugu. Agian oraindik ez besteen tamainan, baina bai norabide berean. Eskoziarrek aurki dute erreferenduma, katalanak ere ari dira euren bidetxoa egiten eta gu hor ondoan gaude, bakoitza bere berezitasunekin, baina klabe beretan».


Bideak aurrera egingo badu aurrerantzean ere guztien ekarpena ezinbestekoa izango dela diote, elkarren bizkar bizi beharrean, denok esateko duguna adituz, eskuz esku lotuz eta indarrak metatuz. Hau, finean, bidearen hasiera besterik ez baita.