Mikel Zubimendi
asteari zeharka begira

Barkatuko didate anaia-arreba maputxeek

Barkatuko didate anaia-arreba maputxeek, baina kolkoa bete poz, futboleko Munduko Kopatik Txilek Espainia kanporatu izana ospatzekoa da euskaldunontzat. Etxafuegoak bota eta esker mila aitortzekoa. Ederra izan baita lezioa. Ekonomikoki porrot eginda, ustelkeriak gain hartuta, lurralde eredua arrakalaz josirik eta instituzioen sinesgarritasuna zeropean dituen Espainiak, oro har kirolean eta bereziki futbolean bilatu izan du flotagailua. Munduko koroaren jabe, minak eta ezinak anestesiatu eta lotsak ezkutatzeko ke gortina gisa erabili izan dute. Eta bai, noiz eta Felipe Borboikoa errege egin duten egun berean halako zaplazteko monumentala, munduan hain oihartzun handia izan duena, oso kontuan hartu beharreko datu pozgarria da.

Badakit futbolean porrotak ez direla inoiz ere definitiboak, baina bai beti apasionatuak. Futbola ez delako joko bat bakarrik, Von Clausevitz militar prusiarra parafraseatuz, beste bitarteko batzuen eskutik ematen den gerraren luzapen bat baizik. Erritualak ikusi –banderak, himnoak...–, hizkera entzun –aterantz baloiari zartakoa emateari misil bat jaurtitzea deritzo, jokoarekin defentsak lehertu egiten dira...–; eta bai, gerraren errima nabari da. Futbolak, bestalde, egiazko gerrak sortu izan ditu, 1969an Munduko Koparako sailkapen partida baten aitzakian Honduras eta El Salvadorrek 6.000 lagunen heriotza eraginez izan zuten 100 orduko gerra ezaguna kasu. Jugoslavia zenaren banaketan Zagrebeko Dinamo eta Belgradeko Izar Gorria taldeen arteko partidek izan zuten garrantzia ezin da ahantzi, ezta Magrebeko nagusigoa jokoan jartzen zuten Egipto eta Aljeriaren arteko norgehiagokak ere. Lehen eta Bigarren Mundu Gerran elkarren aurka borrokatu ziren Alemania eta Frantziaren artean 1982an Sevillan jokatu zen partidan Schumacherrek Battistoni egin zion sarrera kriminalak ekarritakoak ere historiarako geratu dira. Hein batean, izan ere, bataila mitikoen emozioak errekreatzen dira berdegunean.

Estatu espainiarrari erreparatuta, Real Madril Francoren ekipoa izan zela gauza jakina da, baita diktadorearen aldekoek Bartzelonaren instalazioak nahita bonbardatu zituztela eta taldeko presidente Josep Sunyol i Garraga fusilatu zutela ere –oraindik ez da bere gorputza aurkitu–. Real Madril zentralismoaren irudia da, eta, Bartzelona, katalanismoarena. Mundu mailan, berriz, Ameriketako Estatu Batuak, Errusia edo Txina bezalako potentzia handiek ez dute sekula Munduko Kopa irabazi, eta, Euskal Herriaren biztanle kopuru berdintsua duen Uruguaik, aldiz, birritan altxatu du garaikurra. Futbola gobernatzeko sortutako FIFA erakunde globala zabalkunde planetarioa duen erakustokia duen estatu autonomoa da, eta Nazio Batuen Erakundeak berak baino herrialde gehiago biltzen ditu. Futbola geopolitika da, pop kultura globalaren inauteria, aurrerapen teknologiko berrienak aplikatzeko euskarria; gehiago ala gutxiago gustatu, politikaren erresonantzia kutxa da.

Espainiak Hegoafrikako Munduko Kopa irabazi zuenean guardia zibilak kuarteletatik atera eta sirena hotsak topera Euskal Herriko kaleetan barna paseatu ziren. Espainiako zaleak ospatzera baino probokatzera atera ziren, eta, gauzak dauden bezala egonik eta dekadentziaren argi-itzaletan munstroak esnatzen direla jakinik, bazen Brasildik espainiar zaletasun sukar berri bat etorriko ote zen kezka moduko bat. Zorionez, danbateko latza jaso, erridikulu planetario egin eta depresio latza etorri da. Eta sikiera horregatik bada ere, beste xederik gabe eta hausnarketa harago eramateke, futbola maitatu ala gorrotatu, merezi du garagardo bat eskutan ospatzea. Izan ere, futbolaz bakarrik bizitzerik ez dagoen bezala, ez dago beti sarekada berrien prentsa filtrazio eta iragarpenekin –eta altzoan dakarten ondorio psikologikoekin–, Kutxabank auziko kulebroiarekin edota borboitar berriaren koroatzeari Urkulluk adierazitako errespetu instituzionalarekin ibiltzerik. Itogarria eta nekagarria egin daiteke, eta, bai, asteari begiratua ematean poza ekarri duten elementuei lehentasuna ematea gauza ederra da.

Barkatuko didate anaia-arreba maputxeek, agian Hegoafrikako Munduko Kopan euskaldunoi etorri zitzaigun zaparrada bera datorkie orain Brasildik, baina Txilek Espainia kanporatu izana ospatzekoa da euskaldunontzat. Mundu osoan entzun den eta asko eskertzen dugun zaplazteko monumentala izan da. Ondo benetan, eta aupa! •