Unai Fernandez de Betoño

Sute askatzailea

Ilustrazioa: Unai Fernandez de Betoño
Ilustrazioa: Unai Fernandez de Betoño

Iragan ekainaren 29an Urkabustaizko «Colegio Izarra» barnetegi abandonatuaren eraikin nagusia erre zen. Edo, hobe esanda, erre zuten, suhiltzaileen iritziz, gutxienez, suteak norbaitek eragindakoa izateko zantzu guztiak baititu. Gertaerak ez luke berebiziko garrantzirik, antzinako ikastetxea barne hartzen duen 11 hektareako lursailaren berezitasun historiko, politiko eta urbanistikoak bestelakoak balira. Baina film bat egiteko modukoak dira. Beldurrezkoa.

Espainiako Estatuko ikastetxe elitistenetakoa izandako “Colegio Izarra” 1967an sortu zuten jesuitek, Getxoko Juan Gonzalo Perez sustatzailearekin batera, Beluntzako herrigunetik aparte zegoen landa-finka handi batean, ordena erlijiotsuari Bilboko alkate ohi batek laga ziona: Jose Maria Oriol Urkixo falangista eta Francoren finantza-aholkularia (birklasifikazio urbanistiko etekingarrirako oztopo handirik aurkituko ez zuena). Lursaila, Arkitza izeneko landetxea barne, bere aita Jose Luis Oriol Uriguen arkitekto, politikari karlista eta enpresaburu ezagunak (TALGOren babeslea) utzi zion oinordetzan. Ez da huskeria, Oriol Uriguen Francoren altxamenduaren aldeko ekintzaile aktiboa izateak (gerora ikastetxea bildu behar zuen) finka errepublikar artilleriaren helburu bilakatu baitzuen. Eta artilleriaren alorretik ekonomiarenera igaro ziren orubeak ondoren jaso beharreko tiroak.

 

1975ean jesuitek Opus Deiri saldu zioten ikastetxea. Ruiz-Mateosen RUMASAri, zehazkiago, zeina 1983an Espainiako Gobernuak nahitaez desjabetu zuen, haren ustezko iruzur piramidalaren tamainaren beldur. Bi urte ondoren, indarrez nazionalizatutako zentroa The English Montessori School taldeak erosi zuen, “Izarra International College” delakoa sortuz. Alabaina, 1997an betiko itxi behar izan zuen, diru zor handiak zirela medio, eta, adreilu burbuilaren beroenetakoan, 2000n, nork eta Deportivo Alaves taldeak erosi zuen, Gonzalo Anton enpresaburuak gidatuta, 2 milioi euroren truke. Kirola eta eraikuntza binomioa, beste behin ere. Ezetz asmatu zer egin nahi zuen bertan Antonek? Bingo! Etxebizitzak. Eskerrak Urkabustaizko Udala ez zegoela Euskal Herriko enegarren urbanizazio esklusiboa egitearen alde.

 

Baina sainetea ez da hor amaitzen. Beste kirol talde askoren moduan, Alaves taldea bera ere ekonomikoki porrot egiteko zorian izan zen, eta, 2009an, arabar guztion diruarekin erreskatatu egin behar izan zuten. Erreskatearen zati bat Arkitza lursailak eta bertako hondakin-eraikinek osatu zuten: Arabako Foru Aldundiak, Araba Garapen Agentziaren bidez, hitzarmen bat sinatu zuen babazorrotik gutxi duen taldearekin. 5,7 milioi euroko zorra kitatzearen truke, 75 urtetarako laga egin zion Arabako Aldundiari ditxosozko finkaren azalera-eskubidea (ez jabegoa!). Azkarrak dira kirolzaleak gero!

Bada, PPk gidatutako Arabako Aldundiaren ideiarik hoberena Airsoft Total Group enpresa avilarrari lursaila bost urtez uztea izan da, doan (!), benetako armen erreplikekin gerra-jolasak eta simulazio militarrak antola ditzan. Eta, kasualitatez, lagapen arraro horren inguruko eztabaida politikoaren erdian, eta Batzar Nagusien 32/2014 mozioa argitaratu eta bi astetara (zeinetan Arabako Aldundiari lursaila egokiro mantentzea eta interes kolektiboko erabilera bat aurkitzea eskatzen zaion), hara non ikastetxea erre egin den.

Hasiera batean sutea urbanistikoki askatzailea izan bazitekeen ere (Airsoftena martxan jarri izan balitz sutea saihestuko zela defendatu du Javier de Andres ahaldun nagusiak), PPren eskuak kiskalita amaitzea ere gerta liteke orain, Jose Zurita sustapen ekonomikoko diputatuaren dimisio eskaerak jada mahaigaineratu direlako. Bat-bateko erantzun urduria ideia lehiaketa baten iragarpena izan da. Alegia, diru publikoren xahutze are handiagoa. Laburbilduz, egur zaharra, su txarra. •