Amagoia Mujika Telleria
JENDARTEA /

KMK 2015 USURBILEN Jendartea zutoin sendoen gainean eraikitzeko herri oso baten ahalegina

Eguna jarria dago; urriak 4. Helburu ekonomikoa, zehaztuta; dagoeneko egina dagoen eraikin berriaren karga ekonomikoa arintzea. Baina Kilometroak egun bateko festatik eta behar ekonomiko batetik haragoko gertaera da, herri oso bat pizten eta mugiarazten duena. Usurbilen kasuan, bost hankako mahaia da marraztu duten proiektua, bost zutoinen gainean aritu baitira urte osoan gogoetan eta lanean: hezkuntza, jasangarritasuna, parekidetasuna, inklusibitatea eta auzolana.

Egun mugituak dira Usurbil aldean. Ikastolan eta herrian, orokorrean, lan asko egin da 2015eko urriaren 4ra begira. Egun horretan herria eraldatu egingo da milaka lagun hartu eta etxean bezala sentiarazteko. Kilometroak 2015 proiektua bost zutaberen gainean osatu da, eraiki nahi den jendartearen zutoin izan beharko luketenak.

Hezkuntza, noski, horietako bat da. Mariaje Imazek, Udarregi ikastolako zuzendariak, ikastolaren erronka pedagogikoen gainean hitz egin digu. Haur Hezkuntzan eta DBHn proiektu berriak eta berritzaileak daude martxan eta tarteko adin tarteetan ere ez da falta proiekturik. Hezkuntza gauza bizia da, jendartearen eskaera eta beharrak une oro erantzuten asmatu behar duena, eta gurpil horretan doa Udarregi.

«Luberri izan zelako da gaur egun Udarregi ikastola». Baieztapen horixe jasotzen du Jexux Agirresarobek eta Aitziber Elortzak ikastolaren sorrerari buruz egin duten dokumentalak. Auzonalaren arima modu argian eta argigarrian jasotzen duen lana da.

Horrez gain, hitzorduak «denon neurriko jaia» izan nahi du, eta horretan aritu dira buru-belarri lanean Guztion Gattunk Batzordean. Gainera, festa ahalik eta jasangarriena eta parekidea izatea ere bada helburua, eta horretarako baliabideak martxan egongo dira urriaren 4an. Erronka handiak dira eta bisitariak igarriko dio.