Ekonomia eta zoriontasuna elkarri lotuta daude, gorako eta beherako bidean
Ekonomiaren hazkundeak eragina al du zoriontasun mailan? Maite Ansa ikerlariak ekonomiaren eta zoriontasunaren arteko lotura aztertu du eta ondorioa argigarria da: ez dago argi ekonomia maila hobeak automatikoki zoriontasun maila hobea dakarrenik, baina ez dago zoriontasunik gutxieneko ongizate mailarik gabe.

La felicidad como asunto de interés para la ciencia” tesiaren egilea da Maite Ansa ekonomialaria. Bere esanean, zoriontasuna edo ongizate subjektiboa ekonomiaren aztergaietan azkenetarikoa izaten da beti, «ekonomiaren ahizpa pobrea». Berak, aurretik beste ikerlari batzuek egin duten moduan, bere ikerlanaren erdigunean jarri du. Angus Deaton eskoziarra da ekonomia eta zoriontasuna lotzen dituzten hariak aztertzen aritzen den ikerlarietako bat, eta justu aste honetan jakin da Ekonomiaren Nobel Saria Deatonek berak jasoko duela.
Zoriontasunaren eta ekonomiaren arteko loturari buruzko ikerketa lerro baten abiapuntutzat hartzen da “Easterlinen paradoxa” edo “Zoriontasunaren paradoxa” deiturikoa. Richard Easterlin ekonomialari estatubatuarrak 1974. urtean argitaratutako lan enpirikoaren arabera, ez zen argi eta garbi ikusten hazkundeak zoriontasunaren alde egiten zuenik.
Maite Ansak azaldu dizkigu Easterlinen paradoxaren hiru gakoak; «orain, gaur eta hemen dirua eta zoriontasuna neurtuz gero, ondorioa da aberatsak zoriontsuagoak direla. Hortik abiatuta, herrialdeak alderatuz gero, esan beharko litzateke aberatsagoak diren herrialdeetako biztanleak zoriontsuagoak direla. Baina Easterlinen ikerketa enpirikoaren arabera, herrialde aberatsenak ez dira herrialde zoriontsuenak. Gainera, denboran zehar herriak aberasten baldin badira, pentsatzekoa da bertako biztanleen zoriontasun maila ere hazi egingo dela. Baina Easterlinek ondorioztatu zuenez, hazkundea gertatzen denean zoriontasunaren hazkundea ez da espero neurrian gertatzen». Lehen ondorioak talka egiten du bigarren eta hirugarren ondorioekin, horregatik deitzen zaio “Zoriontasunaren paradoxa”.
2008. urtetik aurrera hainbat ikerketa ekonomiko egin dira Easterlinen paradoxa zalantzan jarriz, hark erabilitako datu berdinetatik abiatuta baina metodologia zorrotzagoa erabiliz, ondorio desberdinetara iritsi baitira. «Batzuen esanean ez da sekula existitu Easterlinen paradoxa. Ez dakit hainbeste esan daitekeen, baina gaur egunean argi esan daiteke paradoxa hori ez dagoela indarrean», esan du Maite Ansa ikerlariak. «Errentaren mapa eta zoriontasunaren mapa ez dira kontrakoak, parean doazela esan daiteke», ondorioztatu du.
“Zoriontasun” kontzeptua erabiltzen da gehienetan, era horretan aise ulertzen delako. Ansak, baina, nahiago du “ongizate subjektiboa” erabili. «Nazioarteko ikerketa eta inkestetan erabiltzen da ‘zoriontasun’ kontzeptua. Baina, nire ustez, zehatzagoa da ‘ongizate subjektiboa’ erabiltzea, kontzeptu zabalagoa delako».
Ongizate subjektiboa, Ansaren azalpenen arabera, hiru oinarriren arabera neurtzen da. «Batetik, zoriontasuna neurtzen da, emozioekin lotutako sentimendua. Nola sentitzen zara? Normalean 0-10 bitarteko eskalan neurtzen da. Ongizate subjektiboaren bigarren osagaia ebaluagarria da. Zure bizitzako ibilbidea nola baloratzen duzun, norainoko asetasuna daukazun zure bizitzarekin. Eta, hirugarrena, eudaimonikoa esaten zaiona da. Zein neurritan uste duzu merezi duela zure bizitza bizitzeak? Zenbaterainoko balioa ematen diozu zure bizitzari? Hiru osagarri horiek osatzen dute ongizate subjektiboa eta nazioarteko erakundeen aholkuen arabera, zoriontasun maila neurtzekoan hiru adierazle subjektibo horiek jaso behar dira».
Tokian-tokian, gainera, adierazle subjektibo horiek ezaugarri propioak hartzen dituzte. «Elkarrizketatu bakoitzak bere buruaz hitz egiten du, bere ikuspegi propiotik. Bere bizitzaren gogobetetze mailaz galdetzen zaio jendeari zerotik hamarrerako eskala batean. Eta gerta daiteke ikuspegi objektibo batetik askoz hobeto bizi den norbaitek ‘hiru’ erantzutea eta baldintza objektibo okerragoak dituen beste batek ‘zazpi’ esatea. Esaterako, ikusten da latinoamerikarrek joera dutela zenbaki handiagoak esateko, izateko era eta faktore kulturala dela-eta. Japoniarrek, aldiz, joera dute zenbaki txikiagoak esateko, bertako kulturan gaizki ikusita baitago zure burua nabarmentzea. Faktore kulturalek ere bere partea daukate. Hori da ikerketon metodologian ikusten den akatsetako bat», agertu du Ansak.
Zoriontasuna neurtzea zaila da
Adierazle subjektibo horien alboan adierazle objektiboak ere hartzen dira kontuan, errenta maila, hezkuntza maila... Ansaren hitzetan, gainera, «benetako ongizate orokorraren argazki bat osatzeko biak behar dira, adierazle subjektiboak eta objektiboak».
Izan ere, ez da batere samurra zoriontasuna neurtzea, ez dago erabateko tresna fidagarririk zoriontasuna modu zorrotzean neurtzeko. «Zoriontasuna neurtzea zaila da eta arazo metodologiko garrantzitsuak sortzen ditu. Badaude zoriontasuna neur daitekeela esaten duten defendatzaile sutsuak eta baita erabat eszeptikoak direnak ere. Eta, tartean, gainontzeko guztiak. Ni ere tartean kokatzen naiz. Gizarte baten ongizatea neurtzeko ez nituzke soilik adierazle subjektiboak erabiliko, ezta soilik adierazle objektiboak ere. Iruditzen zait argazki osoa eta osatua emateko bi adierazle motak beharrezkoak direla. Hori ez diot nik, ekonomialari sonatu askok defendatzen dute».
Ekonomia hazkundeak alde onak eta alde txarrak dituela nabarmendu du Ansak: «Estresa, zikinkeria, kutsadura, lan eta bizitza pribatua uztartzeko ezintasuna... hazkundeak baditu alde txarrak ere. Beraz, ezin da esan errenta igoerarekin jendea erabat gustura eta zoriontsu sentitzen denik, badaude kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk ere. Horregatik garrantzitsua iruditzen zait bi alderdiak neurtzea: nola bizi zara ikuspuntu objektibo batetik eta nola sentitzen zara ikuspuntu subjektibo batetik».
Errentaren banaketa
Errentaren banaketa faktore oso garrantzitsua da zoriontasun maila neurtzeko orduan. «Ikuspuntu subjektibotik egiten diren ikerketek esaten dutenez, ongizate orokorra –pentsioak, osasuna, hezkuntza...– ziurtatuta dagoen herrialdeetan, Estatua horien bermatzaile den kasuetan, zoriontasun maila handiagoa da. ‘Ongizate estatu’ deitzen diren horietan aldea nabarmena da, askoz lasaiago bizi dira. Errenta banatzeko tresna horiek oso indartsuak dira zoriontasunaren ikuspuntutik. Gaur egun maiz entzuten da ongizate estatu horren baliabideak ‘oso garestiak’ direla eta horiek finantzatzeko arazo handiak daudela. Proposamenak bestelakoa beharko luke: zoriontasun mailarentzat, ongizate subjektiboarentzat, hain garrantzitsuak diren tresnak finantzatzeko bideak topatzeak izan behar du lehentasuna», iritzi dio.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
