30/12/2017

chronicle
 
ZENBAT ETA GEHIAGO GOZATU, HANDIAGOA DA ALTXORRA

Martxoan «inoizko Korrikarik handiena» atera zen bidera. Euskararen sugarra piztuta eraman zuen Euskal Herriko bazter guztietara, baita atzerrira ere, kanpoan antolatu ziren 50 bat ekitaldirekin. Elkarlana eta auzolana ospatu, eta euskararen doakotasuna aldarrikatu zuen.

Maider Iantzi Goienetxe
1230_pd10_korrika3

Zortzi hamarkada dira Otxandion lehen bonbak erori zirela, herri bat desagerrarazteko helburuarekin. Eta aurten, belaunaldi berriek, gelditzen diren sarraskiaren lekuko bakanekin batera, herri hura, herri hau, bizirik dagoela erakutsi dute. Luzaroan debekatutako hizkuntzan mintzatuz, gainera.

Martxoaren 30ean haur, gazte eta helduak atera ziren bidera Bizkaiko herri honetan. Mundura atera ziren, “Zirkorrika” abestiari jarraituz, hamaika egunez, gau eta egun, behin ere gelditu gabe, herriz herri ibiltzeko, inon parekorik ez duen ekitaldi ederrean. 2.535 kilometro zituzten aitzinetik; ez zen erronka makala horietan guztietan euskararen sugarra piztuta eramatea, Tuteratik Bilbora eta Gasteiztik Maulera, baina lortu zuten eta helmugan, apirilaren 9an Iruñea beteta, AEKren balantzea ezin hobea izan zen.

«Elkarlana eta auzolana» goraipatu zituen Mertxe Mujika elkartearen koordinatzaileak. 20. edizio hau «batzeko Korrika» izan zela azpimarratu zuen. «Handiena» ez ezik, «aniztunena» ere izan zen, askotariko herritar, alderdi eta instituzioen parte-hartzeari esker. Hain zuzen ere, “Batzuk” hartu zuen lelotzat, “bat” eta “zuk” hitzekin jolastuz. Hizkuntza, kultura eta mundu bat, oraindik euskaraz ez dakiten “zuk” horiei zuzendua. Aniztasuna, hitz batean.

Batzen jarraitzeko bideak erraztu behar direla aldarrikatu zuen Mujikak, eta horretarako beharrezkotzat jo zuen euskararen doakotasuna. Guztien artean «euskararen eredu berri bat» sortzeko garaia dela eta «adostasun berriak lortzeko abagunea» ikusten duela erran zuen. Horren erakusgarri gisa aipatu zituen Otxandioko hasiera, hiriburuetako alkateek batera egindako kilometroa, Iruñeko irudi masiboa, Nafarroa hegoaldean igarotako kilometroak eta Santiago zubian hainbat instituzioren artean «eraikitako zubi berriak».

Iruñeko erakundeak, aurrenekoz abegitsu

Korrikak pasatzen den herri bakoitzean uzten ditu momentu bereziak, parte hartzen duen lagun bakoitzaren barrenean. Baina helmugako eguna ekarriko dugu hona, guztien bilgune delako, sugar ttikiz osatutako su handia, aitzinera segitzeko indarra.

20. edizio honetakoak aurrerapauso handiak ekarri zituen, lehen aldiz egin baitzioten Iruñean merezitako harrera. Nafarroako Gobernuak lekukoa hartu zuen, eta parlamentariek ere eraman zuten mezua, aldaketaren indar batetik bertzera pasatuz. Lehenbizikoz, erakunde publikoetako ordezkariek herri kolektiboei eman zieten agur beroa. Hunkigarria izan zen orrialde hauetako irudi batean agertzen den unea, Endika Lacuey Peñen Federazioko aurpegi ezagunenaren eta Joseba Asiron alkatearen arteko benetako besarkada.

Aldaketa itzela da eta hunkituta zeuden batak eta bertzeak. Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak, adibidez, ez zuen eguna bukatzerik nahi eta petoa jantzita zebilen Korrika bukatu eta gero ere. «Atzo Baiona eta gaur Korrika. Zerbait aldatzen ari da onerako», adierazi zuen (oroitu behar da bezperan ETAren armagabetzea egin zela, modu erabat berrian, Baiona bete zuten herritarren babesarekin).

Bozgorailuetatik, Sarriren ahotsa

Korrikaren helmuga, Sarasate pasealekuan, jendez gainezka zegoen iritsi baino aunitzez lehenago. Azkenean, lasterka heldu zirenek eta zain zeudenek talde bakarra osatu zuten, milaka lagunekoa. Erdian irekitako pasillo meharretik, Xabi Gartzia Nafarroako AEK-ko arduraduna igo zen agertokira, lekukoari goian eraginez. Ireki egin zuen mezuaren bila. Joseba Sarrionandiaren hitzak ziren.

Baina inork ez zituen irakurri. Horren ordez, bere ihesaren kantan bezala, bozgorailuetatik atera zen bere ahotsa. «Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako», ohartarazi zuen. «Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan (...) Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batean ezkutaturik? Konturatzen zara goizean ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?». Euskararen alde egitea oraindik normaltasunaren kontra egitea dela eta bizitza hizkuntzan ispilu batean bezala islatzen dela ere azaldu zuen.

«Hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da» zioten bertze mezu sinboliko batekin, Foruen Monumentuan idatzitakoarekin, topo egin zuten Sarriren hitzek. Korrikak erakutsi zuen puskatutako ispiluaren piezak berriro elkartzen ari direla eta bertan euskararen herriak euskaldunago ikusten duela bere burua.